Zestoako Udalak ibilgailu elektriko bat jarriko du herritarren eskura

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 25a, 18:05

Autoaren erreserba eta ordainketa app bidez egingo da, eta autoa partekatzeko sistema izango da. Oraindik araudia zehazteko dute.

Hyundai etxeko auto elektriko bat izango du Zestoako Udalak urte beteko epean herritarren erabilerarako. Autoaren erreserba eta ordainketa app baten bidez egingo da, eta autoa partekatzeko sistema izango da.

Udalak Hyundai etxearekin hitzarmen bat sinatuko du, eta hasiera batean urte betez egongo da autoa herrian. Autoaren kargagailua Zubimusuko igogailuaren ondoan egongo da kokatuta, gaur egun dagoen kargagailuaren ondoan. Auto berria bakarrik kargatzeko balioko du, beraz, ezingo dira bestelako auto elektrikoak kargatu toki horretan.

Arauak eta baldintzak

"Araudia zehazteko" dagoen arren, autoa egunez bakarrik erabili ahal izango da, astegunetan 12:00ak arte udaleko langileentzat egongo da erreserbatuta. Gainerako herritarrek 12:00etatik 22:00etara izango dute aukera erabiltzeko.

Igande eta jaiegunetan, berriz, herritarrek autoa 08:00etatik 22,00etara bitartean erabili ahal izango dute. Erabiltzaileek baldintza batzuk ere bete beharko dituzte, hala nola 25 urtetik gora izatea eta hiru urteko esperientzia izatea autoak gidatzen.

Dena den, badaude zehazteko dauden arloak, esaterako, autoaren tarifak. Proiektuak, 8.000 euroko inbertsioa eskatuko dio Zestoako Udalari, baina erakundeak esan duenez, "helburua da autoa erabiltzeko ordainduko denarekin proiektua autofinantzatzea".