Berriro jarriko dituzte martxan Arroabeko udalekuak, elkarlanean

Maialen Etxaniz 2024ko api. 11a, 15:52
Sakulupe parkeko auzolaneko artxibo irudia. (Ezkaizto)

Iazko hutsunearen ostean, Arroari "berezkoan duen kolorea" emateko berriro antolatuko dituzte udalekuak. aurten. Ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo dituzte udalekuak, 2 eta 12 urteko haurrei zuzenduta. Elkarlanean ari dira antolaketa lanetan bertako gazteak, Ezkaizto auzo elkartea , eskola komunitatea eta Zestoako Udala.

Arroatarrek berezkoa duten elkarlanerako eta auzolanerako grinak beste berri bat utzi du. Berriro jarriko dituzte martxan Arroabeko udalekuak, auzoko askotariko norabanako eta eragileek elkarlanean. Hain zuzen, Arroako gazteak, Ezkaizto auzo elkartea, eskola komunitatea eta Zestoako Udala elkarlanean dabiltza Arroak "berezko duen kolorea eman" eta udalekuak berriro ere antolatzen. "Arroako begirale gazteak, bertako umeak, gure herri eta inguruei zukua ateratzen, gurean aisialdia KM0", azaldu dute.  

Sustatzaileek jakinarazi dute, urte luzez Arroan udalekuak eduki eta gero, iaz udalekurik gabeko lehen urtea izan zela, eta "uztaila bizi-bizirik" izaten duen herria "pixka bat itzali" zela. Hori ikusita, "herri mailako hausnarketa" egin zuten, eta gogoetak eta proposamenak mahaigaineratuta, udalekuak antolatzeko lanean hasi ziren. Horrenbestez, 2024an ez da udalekurik faltako Arroabean. 

Oraindik gauza guztiak lotzeke dituzten arren, jakinarazi dute ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo dituztela udalekuak, 2 eta 12 urteko haurrei zuzenduta. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik 13:00 arte egingo dituzte saioak. 

Izen-emate epea datorren astean zehaztuko da, baina hori egiteko modu desberdinak jarri dituzte herritarren eskura. Eskolak posta elektroniko bidez bidaliko du. izen-emate orria, eta nahi dutenek eskolan bertan entrega dezakete. Bestela, Txara dendan ere bete eta entrega daiteze izena emateko orria.