Ilustrazio tailerrarekin hasi dituzte Zestoan Liburuaren Egunak

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 13a, 10:26
Umeak Axpiri adi, atzo, liburutegian. (Mailo Oiarzabal)

Hamazazpi haur elkartu ziren atzo liburutegian, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak eskainiko dituen bi saioetako lehendabizikoan, Zestoako Udalak Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta prestatu duen egitarau oparoaren lehen hitzorduan.

Martxan dira Zestoan Liburuaren Egunak, hilaren 23ko Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan aurten udalak apirilerako antolatu duen egitarau oparoa.

Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak 8 eta 12 urte arteko umeentzak emango duen tailerraren bi saioetako lehendabizikoarekin hasi ziren atzo arratsaldean Liburuaren Egunak. Hamazazpi ume elkartu ziren Udal Liburutegian Axpiren bueltan, komiki tira bat nola sortzen den ikasteko; datorren ostiralean, hilaren 19an, izango da tailerraren bigarren saioa.

Datozenak

Apirilaren 28a bitartean, ekintza ugari izango dituzte aukeran herritarrek Liburuaren Egunak egitasmoaren barruan. Horietako batzuetan parte hartzeko aurrez eman behar da izena. Izen emate batzuk osatuta daude, hala nola ilustrazio tailerrarena; beste ekintza batzuetarako –Amaia Egidazuren ipuin kontaketarako, esaterako–, liburutegian eman daiteke izena.

Hau da Liburuaren Egunak egitasmoaren egitarau osoa: 

  • Apirilak 16 eta 30, astearteak. Nola aukeratu liburuak irakurzaletasuna sustatuz saioa, Dorleta Kortazar adituarekin. HHko eta LHko gurasoentzat, hezitzaileentzat eta gaian interesa dutenentzat. 17:30etik, 19:30era, liburutegian.
  • Apirilak 17, asteazkena. 80 amandre helduentzako ipuin kontaketa. Dorleta Kortazarren eskutik, 19:00etan, Kultur Etxean.
  • Apirilak 19, ostirala. Ilustrazio tailerra umeentzat, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailearekin, 18:00etatik 20:00etara, liburutegian.
  • Apirilak 20, larunbata. Ipuin kontaketa HH3 eta HH5 mailen artekoei zuzenduta, Amaia Egidazu kontalariarekin, 11:00etan, kiroldegian.
  • Apirilak 23, asteartea. Kontaidazu ipuin bat, 17:30ean, liburutegian.
  • Apirilak 28, igandea. Zestoa zestoarren hitzetan literatur ibilbidea. Hainbat zestoarrek herriko txokoez eta kontuez idatzi dituztenak jaso eta ibilbide batean bildu dituzte, eta helduen irakurle taldeko kideen ahotsetan jarri. 10:30ean liburutegitik abiatuta.

Ainara Azìazu 'Axpi' lanean, atzo, Zestoako liburutegian.