Herritarrek bozkatutako sei proiektu sartuko dituzte Zestoako udal aurrekontuetan

Iraia Oteiza 2024ko mai. 8a, 10:40

Aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektuak aurkezteko batzar irekia, atzo, udaletxeko areto nagusian. (Iraia Oteiza)

Aurrekontu parte hartzaileen barruan, hamabost proposamenen artean aukeratu ahal izan dute zestoarrek. 231 herritarrek eman dute botoa, eta sei proiektuk egingo dute aurrera. 

Zestoako 2024ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren barruan, bozketa faseko emaitzak ezagutarazi ditu udalak. 60.000 euro zertarako erabili erabakitzeko prozesuan 35 proposamen egin zituzten herritarrek otsailean, eta horietatik hamabost igaro ziren bozketa fasera. 231 herritarrek eman dute botoa, eta hamabost proiektu horien artean boto gehien jaso dituzten sei proiektu jarriko ditu martxan udalak datozen hilabeteetan.

Iraetako frontoia ixtea (13.487,62 euroko aurrekontua); Uztapide plazako haur parkearen eraberritzearen bigarren fasea garatzea, haurrek jolasteko elementu gehiago jarrita (13.918,17 euroko aurrekontua); Arroabeko pilotalekuari atea jartzea, neguko hotzetik babesteko (12.227,98 euroko aurrekontua); Aizarnako frontoia ixteko lanei jarraipena ematea (8.018,98 euroko aurrekontua); herriko bideak garbitzea (5.263,50 euroko aurrekontua); eta Iraetako Kultur Etxera igotzeko atea ipintzea eta altzariak erostea (6.134,10 euroko aurrekontua). Sei egitasmo horiek dira aurrekontu parte hartzaileen prozesutik atera eta Zestoako Udalak aurrekontuetan aintzat hartuko dituenak.

Udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren balorazio ona egin du, eta auzoetako parte hartzea bereziki "handia" izan dela adierazi du.