Euskotren Ligan lehiatzeko kanporaketak Portugaleten eta Zarautzen jokatuko dira

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 1a, 10:27

Emakumezkoen arraun denboraldia aurkeztu dute antolatzaileek, eta uztailean eta abuztuan egingo dituzten estropaden egutegia jakinarazi dute; Orio, Getaria-Tolosa eta Zumaia Salegi Jatetxea ontziek uztailaren 7an emango diote hasiera Euskotren Ligari, Portugaleten (Bizkaia). Zazpi ontzi lehiatuko dira, eta hurrengo egunean Zarautzen Eusko Label Bandera jokatuko dute. Bi saio horiek erabakigarriak izango dira orioarrentzat eta zumaiarrentzat, sailkapen estropadak izango baitira; play-off edo kanporaketa bidez, bi egun horietan puntuazio onena lortzen duten lehenengo traineruak sailkatuko dira 2012ko Euskotren Ligarako. Getaria-Tolosa traineruak, berriz, dagoeneko ziurtatuta du horretarako txartela, aurreko urteko denboraldia irabazi baitzuten getariarrek. Antolatzaileek iazko denboraldian adostu zuten neurria da hori, baina kanporaketa saioetan lehiatzeko aukera izango du Getaria-Tolosak ere. Izan ere, Portugaletekoak eta Zarauzkoak kanporaketa estropadak izateaz gain, Euskotren Ligako sailkapenerako puntuagarriak izango dira. Beraz, emakumezkoen ligan parte hartuko duten lau ontziak orduan hasiko dute denboraldia. Guztira zazpi estropada izango dira Euskotren Ligan, eta saio gehienak eskualdean egingo dituzte. Uztailaren 8an Zarautzen Eusko Label Bandera jokatuko dute, eta abuztuaren 12an El Diario Vasco Bandera, Zumaian. Azkenik, abuztuak 18an eta 19an Zarauzko Ikurriña jokatuko dute. Ohiko puntuazio sistema erabiliko dute datorren denboraldian ere. Gainontzeko saioak, berriz, Pedreñan (Espania), San Pedron (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) jokatuko dituzte. Emakumezkoen ligak laugarren denboraldiari ekingo dio aurki, eta urtez urte «asmo hutsak errealitate bihurtu» dituztela adierazi dute antolatzaileek. Aurten, gainera, 2012-2015 urteetarako Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako II. Plana onartu dutela jakinarazi dute Kutxabankeko Sustapen Arduraduna Susana Montoiak, Euskotreneko zuzendari orokor Jose Ignacio Asenciok, eta Diago Traineu Kluben Elkarteko diruzain Maria Isabel. Ligak babesle berria Kutxabankek eta TKEk, gainera, akordio bat sinatu berri dute, eta, ondorioz, urtebetez aurrezki kutxak denboraldia babestuko du. Hala, ligan parte hartzen duten ontzietako patroiek enpresaren izena daraman elastikoa izango dute. Antolatzaileek, ordea, Euskotrenekin ere badute hitzarmena, eta hori dela medio ligaren izena mantendu egingo dute beste urte batez; hala, Euskotren Liga izango da oraingoan ere. Kutxabankeko ordezkariak adierazi du Euskal Herriko kirolarekin duen «konpromisoa berretsi» duela. Izan ere, antolatzaileen esanetan, arraun profesioanalak «urte gutxiko ibilbidea» du, eta, horregatik, «babesle sendoen» beharra du. Egutegia Uztailak 7. Portugalete. Kutxabank Bandera. Uztailak 8. Zarautz. Eusko Label Bandera. Uztailak 21. Pedreña. Marina de Cudeyo Bandera. Uztailak 22. San Pedro. Euskotren Bandera. Uztailak 29. Getxo. Getxoko Ikurriña. Abuztuak 12. Zumaia. III. El Diario Vasco Bandera. Abuztuak 18. Zarautz. Zarauzko Ikurrina. Abuztuak 19. Zarautz. Zarauzko ikurrina.