Hastear dira Komentua eraberritzeko lanak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 9a, 08:00

5.085.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta Altuna y Uria enpresak egingo ditu. Aurreikuspenak betetzen badira, 2024ko udarako amaituta egongo dira.

San Jose Komentua kulturgune bihurtzeko lanak gaur hasiko dira. Hala iragarri zuten udaleko eta lanak egingo dituen Altuna y Uria enpresako ordezkariek atzo arratsaldean udaletxeko pleno aretoan auzoko bizilagunekin egin zen bileran. Lanek 5.085.000 euroko aurrekontua izango dute. Aurrez iragarri izan den bezala, hiru milioi euroko dirulaguntzak jasoko ditu Zumaiako Udalak lanak finantzatzeko: Espainiako Gobernuak emandako 2,8 milioi euroei Eusko Jaurlaritzak bideratutako 240.000 euro gehitu behar zaizkio. Bileran azaldu zenez, lanek 20 hilabeteko iraupena izango dute, eta 2024ko abuzturako amaituta egotea aurreikusten da. 

Lan hauek alde zaharrean izango duten eraginaz ere jardun zuten udal ordezkariek bizilagunekin egindako bileran. "Obra handia da, eraikin handia da, kamioiak mugituko dira, eta horrek eragina izango du auzoan", onartu zuen Iñaki Ostolaza alkateak bilerako une batean.

Printzipioz, lanek herriko auzune honetatik igarotzen den trafikoan eragin handirik izango ez dutela azaldu zuten. Garabi handia Komentuko espazioaren barruan kokatuko da, eta eraikinaren inguruko leku batzuk hesituko dituzte. Azoka eta Eroski supermerkatuaren inguruak ez, ordea. Gune horietako bezeroek ahalik eta era normalenean egin ahal izango dituzte erosketak, iragarri zuten. Supermerkatuko karga-deskargarako gunea ere libre geratuko dela ere adierazi zuten.

San Jose kalera eramaten duen Komentuko horma handia botako dute datozen egunotan –behin lanak amaitutakoan bertatik izango Komentuko lorategira pasabidea–, eta handik sartuko dira kamioiak eta bestelako makinak eraberritze lanak egitera. Kamioi hauek Angeles Sorazu eta Kale Nagusitik igaroko direla iragarri zuten, San Jose kaleko lehen zenbakietara heltzeko. 

Une puntual batzuetan –garabirako, teilaturako edo gainontzeko piezak handiak eraman beharko dituztenean– alde zaharreko kale batzuk itxi beharko direla ere azaldu zuten. "Bonifazio Etxegaraitik igoko dira, eta San Joseko zati hori itxi beharko da. Egun horietan trafikoa Arritokietatik eta San Jose kaletik bideratuko da", gaineratu zuten.

Hasiera batean, lanak irauten duten denboran aparkalekurik kenduko ez dutela ere iragarri zuten udal ordezkariek. 

Hondakinen edukiontziak

Hondakinen gaiak sortu zuen zalaparta handiena bileran zehar. Arritokieta kalekoez gain, alde zaharreko edukiontziak bi leku desbedinetan banatuta daude: paperarena eta beirarena Foruen plazan –Eroski aurrean–, eta gainontzekoak supermerkatuaren beste aldean, Bonifazio Etxegaraiko aldaparen goiko partean. Azken hauek lekuz aldatu beharko dituzte, alboko horma botako dutelako kamioiak obretara sartzeko.

Hemendik aurrera, hiru guneren artean aukeratu beharko dute alde zaharreko kaleetako bizilagunek beraien hondakinak botatzeko: Ignacio Zuloaga plaza –Erkibe etxearen aurrean–, Txomin Agirre kaia –La Caixa banketxearen aurrean– edo Ardantzabide –BM supermerkatuaren aurrean–. Horretarako, txartela egokitu beharko dute, behin lekua aukeratutakoan, organikoaren eta errefusaren edukiontziak zabaldu ahal izateko. Gestio horiek udaletxean egin ahal izango dira gaurtik aurrera, informatu zuten udal ordezkariek. 

Bizilagunek galdetu zuten ea beste aukerarik ez zegoen, ezin ote ziren edukiontzi horiek beste leku batean kokatu, Foruen plazan edo Ubillos jauregi parean, esaterako. Iñaki Ostolazak azaldu zuenez, hondakinen gestioa daraman Urola Kostako Udal Elkartearekin harremanetan jarri ziren Ubilloseko aukera aztertzeko, baina aukera hori baztertu zuten hondakinak jasotzen dituzten kamioiek kale horietatik pasatu ezin dutelako. Foruen plazara eramanda, berriz, azoka pareko aparkaleku plazak kendu beharko liratekeela ere esan zuen. Hala ere, etorkizunean aukera desberdinak aztertzeko prest zeudela gaineratu zuen. "Ikusten bada aukera hobeagoak daudela, proposatu eta aztertuko ditugu".