Biotop topaketa egingo da igandean Santiago hondartzan

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 15a, 10:34
Santiagoko dunak ezagutzeko egitasmoak egin dira aurretik ere. (Juan Luis Romatet)

Biotop izeneko biodibertsitate topaketa egingo da igande honetan Santiago hondartzan. Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du ekimena Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Izenak aurretik eman beharko dira. 

Santiago hondartzako biodibertsitatea ezagutzera emateko topaketa egingo da igande goizean. Mikologia irteera bat egingo da, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Biotop izeneko topaketek Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea dute helburu, eta edonori zuzenduta daude. Aranzadiko adituen laguntzarekin, Santiagoko dunetako eta artadietako onddoen biodibertsitatea ezagutzeko aukera izango dute bertaratuko direnek. Jarduera goizeko 10:00etan hasiko da, eta eguerdiko ordu batak arte iraungo du. Santiago hondartzako arrapala izango da abiapuntua.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Zumaiako dunetan eta artadietan ibiliko dira parte hartzaileak, "bertan perretxiko endemiko batzuk daudelako eta, dunaren kasuan, oso urria den habitat batekoak ere ikusteko aukera izango da".

Ekimena doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da, hemen.