Asteazkenean trafiko aldaketak izango dira Komentuko obrak direla medio

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 28a, 12:30
Foruen Enparantza plaza. (Juan Luis Romatet)

Komentuko obra egiteko beharrezko garabia sartuko dute Alde Zaharrean hilaren 30ean. San Jose kalea eta Bonifazio Etxegarai itxita izango dira ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. 

Hil honen erdialdean ekin zieten Mojaxarren Komentua eraberritzeko lanei, eta lehen hesitze lanak egin eta gero, asteazkenean sartuko dute garabia Komentuko eremura. Horrek trafiko aldaketak eragingo ditu Alde Zaharrean eta San Jose kalean, udalak ohartarazi duenez. 

Etzi, asteazkena, itxita izango dira Bonifazio Etxegarai kalea eta San Jose kalearen zati bat –1A ataritik 35W artekoa–, 7:30etik 20:30era artean. Oinezkoek etxe atarietarako joan-etorriak soilik egin ahal izango dituzte, eta ibilgailuentzat, berriz, erabat itxiko dute errepidea. Kale horien ordez, Angeles Sorazuko aldapatik igo, Arritokieta kalea zeharkatu eta Odietatik jaitsi ahalko dira. 

Erribera kalea 1 eta 1 bis atarietako bizilagunei, bestalde, jakinarazi diete arau orokor gisa ezin izango dela eremu horretatik ibilgailurik atera –ez kanpoko aparkalekuetatik, ezta garajeetatik ere–, eta momentu puntualetan soilik zabalduko dute. Ubillos zeharkatzen duen bidea noranzko bakarrean erabili ahal izango da, eta beraz, ezingo da autoarekin sartu.