"Errepresaliatuen testigantzak jaso ezean, ez dira existituko etorkizunean"

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 8a, 08:39
1937an kanporatuak izan ziren herritarrak Zumaiatik kanpo eramango dituzten autobusetara igotzen. (Zumaiako Fototeka)

1945etik 1959ra frankismoaren errepresioa jasan zuten herritarren informazioa bilduko du Aranzadik. Gerra eta gerraoste garaiko errepresioaren biktimak sailkatuko dituzte.

Orain dela lau urte argitaratu zuen Zumaiako Udalak Zumaia 1936-1945: Giza eskubideen urraketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta lehen Frankismoan izeneko ikerketa lana. Aranzadi zientzia elkarteak egindako lanaren emaitza historia liburu bihurtu zuten argitalpen hartan. 1945etik 1959ra bitartean errepresaliatuak izan ziren zumaiarren datuak biltzeko bigarren ikerketa lana abiatuko du orain Aranzadi elkarteak, udalarekin sinatutako akordioari esker.

Aurreko lanarekin alderatuta, ikerketa lan berriak desberdintasunak izango dituela adierazi du Javier Buces Aranzadiko ikerlari, historialari eta Zumaiako proiektuaren arduradunak. "Orduan egin genuena historia liburu bat izan zen. Zera biltzen zuen: tropa frankistak noiz sartu ziren herrira, zenbat hil zituzten edo zenbatek joan behar izan zuten erbestera. Baina ikerketa hartako izenak ez ziren sailkatu". Izan ere, ikerketa berriaren helburua izango da frankismoaren errepresioa jasan zuten herritarrak izendatu eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ezartzen dituen parametroak erabiliz sailkatzea.

Datu basea osatu

"Kasu bakoitza banan-banan hartu eta sailkatuko dugu. Ikerketa 1959ra arte eramango dugu orain. Bestalde, aurreko lanaren zuzenketak egiteko aprobetxatuko dugu. Hainbeste izen dituzten liburuak egiten ditugunean, akatsak agertu ohi dira. Hori dena zuzenduko dugu, eta datu horiek guztiak, behin sailkatuta, datu base batean sartuko ditugu. Etorkizunean, posible bada behintzat, webgune bat egingo dugu, zeinetan biktima bakoitza bere fitxarekin agertuko den, Azpeitian edo Orion egin duten bezala", gaineratu du ikerlariak.

Ikerketa berriak jasotzen duen epealdiko errepresioak gerra eta gerraoste garaietakoarekin zerikusi gutxi duela uste du Bucesek. "Ikerketak egiterakoan ikusi duguna da 1945etik 1960ra arte, gutxi gorabehera, errepresio zuzena desagertu egin zela. Oposizioa edo antifrankismoa ezkutatuta zegoen, edo erbestera joanda. Isiltasuna eta beldurra zegoen, baita errepresio soziala ere: euskararen aurkakoa, emakumeen aurkakoa... Baina gerraostean ez bezala, errepresio zuzenik ez zegoen. 1960tik aurrera errepresio zuzena aktibatu zuten berriz. Belaunaldi berri bati lotutako oposizioa zegoen, eta frankismoa borrokatzen hasi zen. Erregimenaren erantzuna errepresio zuzena izan zen: tortura, hildakoak, erbestea berriro...".

Javier Buces ikerlaria (Aranzadi zientzia elkartea)

Errepresio zuzenarekin gertatzen ez zen bezala, errepresio soziala ez dago dokumentatuta, eta horrek zaildu egingo du Aranzadikoen lana. "Errepresio zuzenari dagokionez, badaude sententziak –estrajudizialen kasuan, ez–, eta erbestera bidalitakoen dokumentazioa ere badago. Baina urte ilun horietan zer gertatu zen frogatzea zailagoa da. Normalean, elkarrizketak egiten ditugu, jende helduarekin, eta haiei galdetzen diegu nolakoa zen herriko bizitza nahiz eskola, emakumeen papera zein zen… Errepresioa beste mota batekoa izan zen, baina testigantza horiek jasotzen ez baditugu, desagertu egingo dira, eta ez dira existituko etorkizunean", azaldu du ikerlariak.

Lan horien beharra azpimarratu du Bucesek. "Egia, justizia eta erreparazioa aipatzen direnean, beti esaten dut oraindik lehen pausoan gaudela; egia jakiten badugu, gero errazagoa izango da justizia eta erreparazioa lortzea. Erreparazioa lortzeko, errepresaliatuei buruz hitz egiten dugunez, lehenbizi errepresaliatuak zein izan ziren jakin behar dugu. Batez ere, egia bilatzea da helburua, eta ikerketa zientifiko bat abiatzea; hortik aurrera, justizia eskatzen dutenentzako baliagarria izango den erradiografia bat izango dugu", dio ikerlariak.

Testigantza eman nahi duten zumaiarrek edota informazioa dutenek 943-46 61 41 telefono zenbakira dei dezakete edo memoria@aranzadi.eus helbide elektronikora idatzi.