Elkarretaratzea egin dute Zumaian Orioko hilketa matxista salatzeko

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 18a, 20:33

Astearte arratsaldean Orion gertatu zen hilketa matxista salatzeko ekintzak egin dira Euskal Herriko herri askotan. Gaur Zumaian egin da, Saregile plazan, Urola Kostako Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Mundu Martxak.

Gizonezko batek bere bikotekide ohia hil zuen astearte arratsaldean Orion. Hilketa matxista hori salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo bertan Orion, eta gaur Euskal Herriko beste herri askotan egin edo egingo dira. 

Zumaian, Urola Kostako Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Mundu Martxak deituta egin dute elkarretaratzea Saregile plazan, 19:00etan. 

Orion eraildako emakumearen ingurukoei babesa erakutsi diote eta salatu dute irudien erabilera sareetan eta komunikabide batzuetan. Indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorioa dela adierazi dute eta sistema hori bukatzearen beharra aldarrikatu dute. Sistema errotik aldatuko duen bidea feminismoa dela esan dute eta horren barruan autodefentsa feministaren garrantzia adierazi dute.