Rikardo Azkargorta bergararrak irabazi du kaleko pintura lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 22a, 09:55

Hamalau lan aurkeztu dituzte lehiaketa nagusian eta bat gehiago 16 urtez azpikoan. Joxe Etxabe izan da zumaiar onena.

Kaleko pintura lehiaketa egin zuten atzo Zumaian eta epaimahaik ebatzi zuen Rikardo Azkargorta bergararraren margolana izan zela onena kategoria nagusian guztira aurkeztu zituzten hamalau lanen artean. Hala, garaikurraz gain, 800 euroko saria eraman zuen etxera Azkargortak.

Hirugarren parte hartzea zuen bergararrak Zumaiako lehiaketan eta estreinakoan egin zuen bezalaxe, Astillero ingurua jasotzea erabaki zuen "lan mundua irudikatu nahian". Lehenengo parte hartze hartan bigarren geratu zen pinturarekin "lotura estua" duen Azkargorta. Izan ere, margolariak berak azaldu dunez, "familiatik" datorkio.

Zumaiar onenaren aitortza jaso duen Joxe Etxabek ere hirugarren parte hartzea zuen etxeko lehiaketan eta Itsasragiaren paren dagoen Inpernupeko itsasertza margotu zuen. Aurreko edizioekin alderatuta, oraingoan "lasaiago" jardun duela adierazi du eta gustura azaldu da saria jasota. Hedabide honi azaldu dionez, duela sei bat urte zaletu zen margoarekin "erretiroa hartu ondoren, denbora pasa gisa". 300 euroko saria eta margolanak eusteko astoa jaso zituen Etxabek.

Kategoria nagusiko beste bi sarituei dagokionez, Jose Mari Iruretagoyena izan zen bigarrena eta Alipio Ruano hirugarrena. 500 eta 300 eurorekin saritu zituzten, hurrenez hurren.

Lan guztiak bihartik ikusgai

16 urtetik beherakoek ere izan zuten kaleko pintura lehiaketan parte hartzeko aukera, eta hamabost lagunek egin zuten orotara. Horien artean, Irune Aizpurua gailendu zen 12 eta 16 urte bitarteko kategorian, eta Martin Vita 12 urtez azpikoetan. Pinturas Rubiok emandako opariak izan zituzten saritzat.

Zehaztu behar da, halaber, lehiaketara aurkeztu dituzten lan guztiekin erkusketa zabalduko dutela bihartik aurrera. Astebetez izango da ikusgai Oxford aretoan.