Bost batzordetan banatuta egongo da Zumaiako Udalaren jarduna

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 30a, 11:30
Asteartean Zumaiako Udalean egin zuten udalbatzarra (Sara Utrera).

Honako batzordeen bidez kudeatuko dute udala: Antolakuntza, Lurraldea, Herritarrak, Herria eta Kirola. Alkateak liberazio osoa izango du, eta sei zinegotzik partziala: lau EH Bilduk eta bi EAJk.

Astearte arratsaldean egindako udalbatzarrean eratu zituzten Zumaiako Udala kudeatzeko batzorde informatzaile iraunkorrak. Hala, hasi berri den agintaldian bost batzorde izango dituzte: Antolakuntza Batzorde Irakunkorra, Kontuen Batzorde Bereziari dagozkion funtzioekin; Lurralde Batzorde Iraunkorra; Herritarrak Batzorde Iraunkorra; Herria Batzorde Iraunkorra, eta Kirola, Zumaiako Kirol Patronatuaren baitan. Batzorde iraunkor bakoitzak hainbat lan esparru izango dituela azaldu zuen Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak udalbatzarrean. Azalpenak eman ondoren, ahoz batez onartu zuten Udalbatzako kideek alkatearen proposamena.

Liberazioak

Batzordeak eratu ondoren, zinegotzien ardurak ere zehaztu zituzten. Hala, dedikazio esklusiboa izango du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Udalhitzeko 24. mailan, eta urtean 56.761 euroko soldata gordina izango du. Batzordeburu diren lau zinegotziek dedikazio partziala izango dute, lanaldi erdian, Udalhitzeko 14. mailan, eta urtean 19.227 euroko soldata gordina. Ostolazak azaldu zuenez, arauak dio 10.000 biztanletik gorako udalerriek bermatu egin behar dutela gutxienez oposizioko zinegotzi batek herri erakundean dedikazio osoa izatea. Hala, EAJ udal taldeko bi zinegotzik lanaldi erdian dedikazio partziala izatea proposatu zuen Ostolazak. Aho batez onartu zuten udal taldeek alkatearen proposamena.

Zinegotzien ordainsariak

Liberatu gabeko zinegotzien ordainsaria ere zehaztu zuten astearteko udalbatzarrean. Talde politiko bakoitzak hilero jasotzen duen ordainsarian ez da aldaketarik izan; aurreko agintaldiko kopuruak mantendu dituzte: 403 euro jasoko ditu talde politiko bakoitzak, eta udal taldea osatzen duten zinegotzi bakoitzagatik, hilero 168 euro gehiago. Horrez gain, zinegotziek osoko bilkura bakoitzagatik 100 euro jasoko dituzte, eta 65 euro informazio batzorde edo tokiko gobernu batzar bakoitzagatik. Dieta horiek, ordea, ez dituzte kobratuko liberazioa duten zinegotziek.

Komunikazio lanpostua

2023-2027 agintaldirako udaleko komunikazio arduradun lanpostua sortzea ere erabaki zuten herenegungo udalbatzarrean. Udalhitzeko 14. maila izango du langileak, eta urtean 38.255 euroko soldata gordina edukiko duela zehaztu zuten.

ANTOLAKUNTZA BATZORDEA

Lan esparruak: Herritarren arreta eta administrazio elektronikoa, ogasuna, udal ondarea kudeatzea, giza baliabideak eta kontratazioa.

Batzordeburua: EH Bilduko Asier Arakistain.

LURRALDE BATZORDEA

Lan esparruak: Mugikortasuna, ingurumena eta trantsizio energetikoa, obrak eta zerbitzuak, hirigintza, eta tokiko garapena, enplegua, merkataritza, azokak eta turismoa.

Batzordeburua: EH Bilduko Argi Yeregi.

HERRITARRAK BATZORDEA

Lan esparruak: Gizarte zerbitzuak, berdintasuna, gazteria, parte hartzea eta aniztasuna.

Batzordeburua: EH Bilduko Iñaki Ostolaza.

HERRIA BATZORDEA

Lan esparruak: Hezkuntza, euskara eta kultura eta festa.

Batzordeburua: EH Bilduko Marina Bidasoro.

KIROLA

Lan esparruak:Kirola eta kirol jarduerak antolatzea eta erabilera publikoko kultura ekipamenduak kudeatzea.

Batzordeburua: Aitor Manterola.