Zumaiako Udalak %3 igoko ditu udal tasak eta zergak datorren urtean

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 2a, 10:52
Osteguneko udalbatzarrean, bozketa baten momentua. (Onintza Lete Arrieta)

EH Bilduren aldeko hamar botoekin onartu dituzte 2024ko ordenantza fiskalak; EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira. EAJren bi proposamen ere onartu dituzte ordenantzetan txertatzeko.

Ostegun iluntzeko osoko bilkuran bozkatu zituzten 2024ko ordenantza fiskalak, eta horiek onartuta gelditu ziren EH Bilduren aldeko hamar botoekin. EAJko bost zinegotziak eta PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin ziren. Hala, udal tasak eta zergak %3 igoko ditu Zumaiako Udalak datorren urtean, "KPItik oso gertu". Hemen ikus daiteke behin-behineko dokumentua, osorik.

Igoera horrekin, udalaren helburua da "Zumaiako Udalak gaur egun duen egoera ekonomiko ona mantentzea". Hala azaldu zuen Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak. Proposamena egiterakoan "bi irizpide nagusi" kontuan hartu dituztela esan zuen Larrañagak: "Alde batetik, politika sozialak sendo mantenduz egoera zaurgarrienean dauden herritarrak babestea; eta, bestetik, Zumaiak dituen erronka eta inbertsioei aurre egiteko udalaren egoera finantzieroa osasuntsu mantentzea. Proiektu garrantzitsuak ditugu esku artean, eta horiei aurre egiteko, herritar guztion ekarpena ezinbestekoa da".

Bestetik, azaldu zuen agintaldi honetarako bi helburu nagusi dituztela Ogasun arloan: "Batetik, progresibitatean sakontzen jarraitzea, hots, gehien duenak ekarpen handiagoa egitea; eta, bestetik, udal ordenantza zein aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzea".

Aldaketa nagusiak eta EAJren proposamenak

Aurtengo tasa eta zergekin alderatuta, aldaketa nagusiak uraren tasetan, etxebizitza hutsen errekarguan eta TAO erregulazioaren aldaketei lotutakoetan atzemango dituzte herritarrek.

Urari dagokionez, Larrañagak azaldu zuen Gipuzkoako Urak kontsortzioak %11ko igoera aplikatuko diola Zumaiako Udalari, eta horri aurre egiteko, etxeko eta nekazaritza eremuko kontsumo tarteen kasuan, %3ko igoera aplikatuko da, eta %8ko igoera kontsumo ez etxetiarren kasuan. Aplikatuko den igoera hau herritarrentzat zein komertzio txikientzat "jasangarria" dela uste du udalak, "fakturan sumatuko duten igoera baxua izango delako".  EAJk emendakin bidez proposatu zuen 50 metro kubiko arteko gastua dutenen kasuan igoera %3koa izatea, eta hortik aurrerakoen kasuan igoera %8koa izatea. EH Bilduk, ordea, ez zuen ontzat eman proposamena, eta ez zen onartu.

TAOri dagokionez, bi aldaketa nagusi egongo dira datorren urtean, "herri barruko trafiko karga arintzea helburu". Batetik, errotazio altuko guneetako tarifetan igoera aplikatuko du udalak, batez ere gehienezko denbora mugatik gertu dauden ataletan. Egonaldi luzeko guneak indartu nahi ditu udalak neurri horrekin.

Bestetik, Zumaian erroldatu gabe daudenen TAO txartelen kuotaren prezioa igo egingo da 15 eurotik 60 eurora. EH Bilduren proposamena zen lehenengo autoaren kuotaren prezioa 20 eurokoa izatea, eta bigarren autoagatik 30 euro ordaintzea. EAJk emendakin bidez proposatu zuen tasa gehiago igotzea, ordea, 60 eurora arte, eta aho batez onartu zuten. Iker Mardarasek EAJren izenean arrazoitu zuen "autoko biñeta kostatzen denaren laurdena" dela 60 euro, eta beraz, "proportzionala" dela igoera hori eskatzea.

"Etxebizitza politikaren sustapenarekin jarraitzeko", berriz, etxe hutsen errekargua ere igo egingo da datorren urtean, %100era. Ez dute errekargua ordaindu beharko, inor erroldatu gabe egonda ere, urtean 30 metro kubikoko gutxieneko ur gastua egiten duten etxebizitzen jabeek. Udal Gobernuaren proposamena zen errekargua %75era igotzea, eta salbuespen oro ezabatzea. EAJk emendakin bidez proposatu zuen errekargua %100era igo, eta salbuespena 30 metro kubikoko gastuan jartzea. EH Bilduk ontzat eman zuen proposamena, eta emendakina onartu egin zen. PSE-EEk, berriz, errekargua %150era igotzea proposatu zuen, baina hori ez zuten onartu beste alderdiek.

Korta sendia gogoan

Udalbatzarraren hasieran, Iñaki Ostolaza alkateak hitz samurrak izan zituen Oier Korta Zumaiako EAJko alkate ohiarentzat eta haren familiarentzat –arratsalde hartan bertan izan baitzen Kortaren semearen hileta –baita EAJren udal taldearentzat eta herriko militante guztientzat ere.

Ondoren, EAJk bere hitzartzean eskertu egin zizkion elkartasun hitz horiek Ostolazari.