"Helburua ez da bakarrik etxebizitza turistikoak neurtzea, egoera errealaren argazki bat ateratzea ere bai

Gorka Eizagirre eta Juan Luis Romatet 2024ko ots. 29a, 11:00

Turismo jarduerara bideratutako etxebizitza berriei baldintzak ezartzen dizkie araudiak. Aurretik martxan daudenek erregistratu egin beharko dute udaletxean.

Otsaileko ohiko udalbatzarra egingo du Zumaiako Udalak gaur arratsaldez, 18:00etatik aurrera. Batzarrean aztertuko dituzten gaien artean etxebizitza turistikoen erregulaziori lotutako arau subsidiarioen behin betiko onarpena dago. Behin hori onartuta, helegiteak aurkezteko epea zabalduko da, baina udalaren asmoa da araudi berria ahalik eta azkarren aplikatzea.

Argi Yeregi Zumaiako Udaleko Hirigintza zinegotziak aurreratu duenez, etxebizitza egoeraren inguruko plangintzaren parte da araudi aldaketa. "Jakitun gara etxebizitza turistikoen gaia arazo bihurtzen ari dela herrian eta arau aldaketa honek ez duela etxebizitzaren arazo larria konponduko, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun jarduera turistikoko etxebizitzen gaia pixka bat neurtzea". 

Zumaian 56 etxebizitza turistiko daudela kalkulatu du udalak Eusko Jaurlaritzaren datuak erabiliz. "Gure erregistro propiorik ez dugu, eta araudi hau horretara ere badator. Azken finean, helburua ez da bakarrik neurtzea, egoera errealaren argazki bat ateratzea ere bai", azaldu du Yeregik.

Hark azpimarratu duenez, araudi berriak ez du eraginik izango dagoeneko martxan dauden etxebizitza turistikoetan. "Horiek ere prozesu bat hasi beharko dute udaletxean beren jarduera legeztatzeko, horiena ere jarduera ekonomikoa delako". Udaletxean erregistratzeko urtebeteko epea izango dute etxebizitza jabeek.

Etorkizunean martxan jarriko diren etxebizitza turistikoek, dena den, bete egin beharko dituzte araudian jasotzen diren baldintzak. "Salbuespen eta neurri ugari jasotzen ditu araudiak, baina, orokorrean, etxebizitza turistikoek sarrera independentea izan beharko dute etxebizitza bloke horretako bizilagunekin bizikidetza errazteko. Horrek zaildu egingo du bigarren solairutik gora tipologia honetako etxebizitzak egotea", adierazi du zinegotziak.

Etxebizitza multzo bakoitzean jarduera horretara zuzendutako etxe kopuruaren muga ere jarriko dutela jakinarazi du Yeregik. "Blokeko azaleraren %12 bakarrik –%8 Alde Zaharrean– izan ahalko da jarduera horretara bideratutakoa. Hala, bloke horretan etxebizitza turistiko bat badago, azalera beteko litzateke eta ezingo litzateke beste bat ireki".

Araudiak etxabeetan etxebizitza turistikoak zabaltzea galaraziko duela ere azaldu du Yeregik. "Ordenantza baten bidez ahalbidetu nahian ari gara etxabeetan etxebizitzak jartzea, baina ordenantza horrek berak debekatzen du etxebizitza horiek turistikoak bihurtzea".

Etxebizitzaren inguruko plangintzak etxe hutsak merkatura ateratzeko neurriak eta alokairuaren parke publiko baten sorrera ere jasotzen dituela gaineratu du. "Gune tentsionatuaren deklarazioarekin ere lanean ari gara, eta honekin guztiarekin pentsatzen dugu aldaketa pixka bat igarriko dela herrian. Hau guztia guk bakarrik egitea zaila izango da, eta beharko dugu beste instituzioen laguntza".