Zumaiako Udalaren eskaera igande gauerdiko bandera igoeraren harira

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 5a, 17:00
Artxiboko irudian, santelmoetako bandera igoera.

Bandera igoeraren unean jendetza elkartzen da Kofradia inguruan, eta hainbat urtetan "une desatseginak" izan direla uste du udalak.

Zumaiako Udalak herritarrak deitu ditu igande gaueko bandera igoeran gizalegez jokatzera, hainbat urtetan "une desatseginak" izan direla uste duelako: "Igande gauean, eguraldia lagun, jendetza bilduko gara Kofradia inguruan danborradarekin batera izango den bandera igoerara. Beti saiatzen gara danborradako kideei eta musika bandari behar duten lekua egiten, baina hainbat urtetan izan dira une desatseginak, jendea, festa giroan bultzaka... eta leku hori ez da izaten beti behar bezain erosoa edo ezta segurua ere".

Horregatik, herritarrei eskatu nahi die "une horretako jarrera neurtzeko", festaz gozatzeko aukera "denek" izan dezaten.