Irrintziak eta bertsioak izan dira santelmoetako repetizioen lehen orduetan

Juan Luis Romatet 2024ko api. 13a, 11:00

Zumaiako Mugimendu Feministak antolatutako I. Irrintzi feministen lehiaketak, eta txosnaguneak hartutako Bertsio gau jendetsuak hasi ditu santelmoetako repetizioak.

Asteburu batekin nahikoa ez, eta festen bigarren asteburuan murgildu dira Zumaian. Atzo eman zitzaien hasiera santelmoetako repetizioei, eta aurreko asteburuan bezala, gogotsu atera ziren herritarrak kalera, urdin koloreko jaiak bizitzeko asmoarekin.

Beheko plaza jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatutako toka eta igel txapelketa jokatu zen Torreberriko aterpean, arratsaldean. Gazteek zein nagusiek izan zuten beren abilezia erakuskeko aukera. Amaiako plazan, berriz, Zumaiako Mugimendu Feministak antolatutako I. Irritintzi feminista lehiaketa egin zen. Serio batzuk, umore gehiagorekin besteak, denek ere eztarria soltatu zuten.

Gauean, txosnagunean, repetizioetan ohikoa den Bertsio gaua egin zen. Jendetsua izan zen saioa, bai entzule aldetik, bai musikarien aldetik ere. Izan ere, hamabi talde igo ziren oholtzara talde ezagunen eta ez hain ezagunen bertsioak jotzera. Dut eta Latzen, TOC eta Black Sabbath. Bideo honetan Doctor Deseoren bertsio bat ikus daiteke. 

Gaur jarraituko dute festek, egitarau honekin.

  • 10:00. XXIV. Olagarro-zopa lehiaketa, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 11:00. Hamaiketako musikatua Joxe Mendizabalekin, Kofradiako plazan.
  • Jarraian, kantu kalejira.
  • 14:00. Denak txosnetara! argazkia.
  • 14:30. Herri bazkaria txosna gunean.
  • Ordu berean, ikasle eta gazte bazkaria Torreberri gaztetxean. Bazkalostean, Edu Zardoyaren kontzertu akustikoa.
  • 17:30. Herriko txarangaren eta Pello eta Nikolasa erraldoien kalejira.
  • 18:00. Urrezko aizkolarien XXVII. Banakako txapelketaren lehen kanporaketa, Odieta pilotalekuan.
  • 18:30. Herriko txarangaren kalejira.
  • 21:30. RPG-7, Habemus Papam, Istilu, Hoben eta Ballium taldeen kontzertuak, Torreberri gaztetxean. 
  • 22:00. DJ Davila, Kofradiako plazan.
  • 22:30. Akaleia, EZEZEZ eta Rukula taldeen kontzertuak, txosna gunean.