Musika izango da aurtengo Zumaiako Argazki lehiaketako gaia

Juan Luis Romatet 2024ko api. 18a, 11:00
Lehiaketara aurkezten diren lanekin erakusketa egingo du Distirak Alondegian.

Joxe Juan Azkueren oroimenezko txapelketa honetan parte hartzeko epea ekainaren 4an itxiko da. 

Zumaiako XXXVI. Argazki lehiaketa antolatu du Distira argazki elkarteak. Joxe Juan Azkueren oroimenezko hau Argizaiola argazki lehiaketarako puntuagarria izango da aurten ere, eta bertan parte hartu nahiko duten argazkilariek bidali ditzakete jada beraien lanak. Irudigileek landu beharko duten gaia musika izango da.

Monokromo edo zuri-beltzezko argazkiei zuzendutako lehiaketa da hau, eta bertan ez dute onartuko beste lehiaketaren batean saritutako lanik. Adimen Artifizialaren (AA) erabilera puri-purian dagoen honetan, antolatzaileek oinarrietan garbi utzi dute ez dutela onartuko AArekin "partzialki edo erabat" sortutako obrarik.

Lau sari banatuko dituzte: irabazleak 500 euro eta aurtengo argazki lehiaketako argazki katalogoa jasoko ditu; bigarren saridunak 300 euro eta hirugarrenak 200 euro. Lehen zumaiarrak, berriz, 250 euro jasoko ditu.

Lehiaketako oinarriak Distira elkartearen webgunean aurki daitezke, hemen.