Arraunak adinekoengan dituen onurak jaso ditu Manu G. Aramendik

Juan Luis Romatet 2024ko api. 24a, 15:00
Manu G. Aramendi, argitaratu berri duen liburuarekin. (Juan Luis Romatet)

Beteranoen arraunaren ikuspegi praktikoa eta humanoa bildu ditu Zumaiako bizilagunak azken liburuan. Osasun aholkuak ere ematen ditu kirol sendagileak.

Arraunak osasun fisikoan zein buru osasunean dituen onurez jardun du Manu Gonzalez Aramendi sendagileak (Errenteria, Gipuzkoa, 1958) plazaratu berri duen Master & Romantic rowers. Una visión practica y humanista del remo master (Arraunlari beteranoak eta erromantikoak. Beteranoen arraunaren ikuspegi praktikoa eta humanista euskaraz) liburuan. Osasun aholkuak, kirol hori praktikatzeak eragin ditzakeen arriskuak eta, oro har, arraunaz duen ikuspegia jaso ditu Zumaiako bizilagunak argitalpenean.

Kirol sendagilea da Aramendi; Gipuzkoako Futbol Federazioan egiten du lan futbolariei esfortzu probak edo mediku azterketak gauzatzen. Horrez gain, klaseak ematen ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. "Ez gehiegi, baina ematen ditut, esfortzuaren fisiologiaren ingurukoak Leioan [Bizkaia], medikuntzako ikasleei zuzenduta, eta Esperientzia Gelan ere bai, Donostian. Lau urteko gradua da azken hori, 55 urtetik gorako ikasleei zuzendutakoa".

Arraunean ere aritzen da sendagilea, aulki mugikorrean; Zumaian bakarka, eta Donostian, Ur Kirolak klubean, beste lagun batzuekin. "Aulki finkoan ere aritu izan naiz. Unibertsitateko klaseetan-eta beti aholkatu izan diet arrauna praktikatzea, bai gazteei, bai adinekoei, oso kirol konpletoa delako".

Atzo Donostian aurkeztu zuen egileak liburua, eta arrauna praktikatzen duten helduen talde gero eta handiagoari eskainita dagoela nabarmendu zuen, bereziki adinekoei. "Jarduera honek aukera ugari eskaintzen ditu, aisialdiko arraunetik hasi eta lehiaketa gorenera arte, eta banaka nahiz talde txiki edo handietan egin daiteke. Baina, era berean, interesgarria izan daiteke beste kirol diziplina batzuetan aritzen direnentzat eta kirolariak ez direnentzat; izan ere, masterraren alderdi espezifikoak lantzen diren arren, beste alderdi orokorrago batzuk ere jorratzen dira, hala nola jarduera fisikoaren eta zahartzearen arteko harremana (bai adinari lotutako narriaduraren atzerapenean, bai lesio batzuen prebentzioan eta zenbait prozesu patologikoren tratamenduan duen zeregin lagungarrian), kirolaren alderdi humanoak nahiz kiroltasunaren balio etiko eta moralen eta berdintasunaren defentsa".

Sei ataletan banatu du argitalpena, eta bakoitzean arraunaren inguruko ikuspegi bat jaso du. Lehenengoan, iraganera egiten du salto, eta lan munduan arraun egin beharra zegoen garaiko pasadizoak kontatzen ditu. Bigarrengoan, arrauna eta kirola lantzen ditu; hirugarrengoan, istripuak eta lesioak; eta laugarrengoan, zahartzea eta arrauna; beteranoen arraun txapelketa batzuen berri ematen du bosgarren atalean, eta kirolaren alde humanoak eta etikoak liburuari amaiera ematen dion azken kapituluan.

Kirola egiteko gonbita

Arraunean hasi nahiko luketenei, hasieran bakarka aritzea baino, taldean aritzea gomendatzen die medikuak. "Aulki finkoan Zumaiako beteranoekin aritu daitezke, edo aulki mugikorrean Donostiako Ur Kirolakekin edo Irungo [Gipuzkoa] Santiagotarrarekin. Oso kirol teknikoa da, eta urtebete behar da gutxienez hura menderatzeko".