2023ko udal eta foru hauteskundeak

"Herriarekin eta herriarentzako lan egiteko" taldea osatu du Aizarnazabalgo EH Bilduk

Ihintza Elustondo 2023ko api. 22a, 14:39

Mari Karmen Arregi egungo alkatea buru duen zerrenda aurkeztu du koalizioak. "Herritarren parte hartzea sustatzea eta denen artean Aizarnazabal hobea lortzea" izango da EH Bilduren helburua.

Aizarnazabalgo EH Bilduk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako osatu duen zerrenda aurkeztu du gaur, larunbata, Zahar Etxean, trikiti doinuek eta ondorengo pintxo poteak girotuta. Egungo alkate Mari Karmen Arregi izango da datozen bozetarako alkategaia ere, eta honako hauek osatuko dute zerrenda: Ander Etxabe, Josune Peña, Unai Alberdi, Joseba Alzuri, Ana Lizarralde, Urtzi Gurrutxaga, Ane Etxabe, Antton Arrieta eta Maitane Telletxea.

Aizarnazabal, maite dugun herria izenburupean egin dute aurkezpen ekitaldia. "Herriarekin eta herriarentzako lan egiteko" taldea osatu du EH Bilduk, Mari Karmen Arregi alkategaiak nabarmendu duenez. "Gure helburua da herritarren parte hartzea sustatzea, eta denon artean Aizarnazabal hobea lortzea".

Hark aipatu du hausnarketa bat egin dutela herri programa osatzeko, eta guztira, bost erronka nagusi izango dituztela azpimarratu du: etxebizitza duina, egokia eta eskuragarria lortzea; herriko sarrera zaharberritzea; bertako baliabideak indartzea; berdintasuna eta kultur aniztasuna, eta jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde lan egitea.

Erronkaz erronka

Josune Peña zerrendako kideak etxebizitzaren gaiaz hitz egin du. "Denon eskubidea da etxebizitza duina eta eskuragarria izatea, eta askorentzat ezinezkoa bilakatu da etxe bat erostea edo alokairuan izatea. Datozen lau urteetan arazo hori ondo bideratzeko ahalegina egingo dugu". Helburu hori betetzeko, lehenik diagnostiko bat egingo dutela azpimarratu du; hau da, hutsik dauden etxebizitzak zenbatu, horiek alokairuan jartzeko aukerak eskaini eta etxebizitza behar duten pertsonak identifikatuko dituzte. Horrez gain, nabarmendu du hamar-hamabost urte barru gazte kopuru handia izango dela herrian, eta horiei herrian geratzeko aukera eman behar zaiela.

Herriko sarreraren zaharberritzeaz mintzatu da Joseba Alzuri zerrendako kidea. Herriko sarrera eta plaza berritzeko asmoak berriak ez direla esan du, eta erronka horri jarraipena eman nahi diotela. "Lehentasuna oinezkoei eman nahi diegu, jakinda udalarentzako erronka handia izango dela inbertsio eta esfortzu aldetik". Herritarrei beren iritzia zein den galdetuko dietela aipatu du, eta bileretan parte hartzera animatu ditu aizarnazabaldarrak.

Bertako baliabideak indartzeaz aritu da Urtzi Gurrutxaga zerrendakidea. "Aizarnazabal herri txikia izanagatik, herri bizia da, saltoki txikiak dauzkagu, eta horiei aurrera ateratzen lagundu nahi diegu. Horrez gain, auzotarrekin hartu-eman zuzena izan nahi dugu; haiekin bilerak egingo ditugu, eta haien beharrak aztertuko ditugu". Bestalde, herriko elkarte eta talde ezberdinak indartzen ahaleginduko direla esan du.

Berdintasunean eta aniztasunean jarri du arreta Ander Etxabe zerrendako kideak. "Elkarbizitza helburu hartuta, elkar ezagutzan eta denon aitortzan oinarritutako politikak egingo ditugu", esan du. Ikuspegi feminista ere oinarri izango dutela nabarmendu du, baita euskal kultura transmititzea eta euskara bultzatzea ere. Zaintzaren gaia lantzeko diagnostiko bat egingo dutela ere azpimarratu du.

Azkenik, jasangarritasunak eta ingurumenak duten garrantziaz aritu da Unai Alberdi zerrendakidea. Energia berriztagarrien aldeko apustua, zero zabor filosofia eta landaredia babestea aipatu ditu erronken artean.