Zapatuan jokatuko dute Azpeitiko 23. Rallysprinta

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 11a, 14:40
Arruti, Araneta, Gurrutxaga, Jorge eta Ion del Cid, eta Cuesta, atzoko aurkezpenean. (Urtzi Oteiza)

Parte hartzaile zerrenda luzea eta "bikaina" izango du Lagun Artea eskuderiak antolatutako lasterketak. 49 talde lehiatuko dira Errezilgo errepidetik Aizarna arteko ibilbidean, etxeko ordezkaritza zabala tartean dela, garaipenerako "faborito argirik" gabeko borrokan.

Etzi, zapatua, jokatuko da Azpeitiko 23. Rallysprinta, eta Lagun Artea eskuderiako antolatzaileek atzo iluntzean aurkeztu zituzten aurtengo lasterketaren xehetasun guztiak. Gustura azaldu ziren, aspalditxoko parte hartzaile zerrenda luzeena ez ezik, "inskripzio bikaina" izan dutelako. "Garaipenerako borroka benetan irekia izango da. Aspaldi ez genuen izan txapela irabazteko hainbeste hautagai zuen zerrendarik", adierazi zuen Jorge del Cidek.

Euskadiko eta Gipuzkoako aurtengo rallysprint txapelketetarako hirugarren proba puntuagarria izango da Azpeitikoa, eta 49 pilotu eta kopilotu taldek parte hartuko dute lasterketan. Azpeitiko eta inguruetako herrietako pilotu eta kopilotu ugari ageri dira zerrendan: Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta, Garikoitz Zubizarreta eta Eneko Olaizola, Josu Mate eta Aritz Aldalur, Iosu Alberdi eta Ion del Cid, Imanol Zabala eta Jon Sorozabal, Ioritz Buldain eta Mikel Zubizarreta, Eneko Alkorta eta Malen Zelarain, Aitzol Apalantza eta Iker Zinkunegi –iazko irabazlea gidari laguntzaile ariko da aurten–, Gurutz Agirretxe eta Mikel Labaka, Gaizka Segurola eta Ion Alberdi, Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga, Egoitz Lizarralde eta Leire Odriozola, eta Ekain Otaegi eta Ander Kerejeta bikoteez gain, Maria Aranberri, Alazne Apalantza eta Ion Albizuri kopilotu lanetan irtengo dira.

Etxeko zerrenda luzeko batzuk, gainera, era berean luzea den faboritoen zerrendan ere badaude, antolatzaileek nabarmendutakoaren arabera. Hain zuzen ere, bederatzi bikote eta haien autoak sartu dituzte faboritoen multzoan Lagun Arteakoek: Agirre eta Araneta (BMW M3) Euskadiko egungo txapeldunak, Alberto Marcos eta Maialen Guridi (BMW M3) aurtengo sailkapen buruak, Apalantza eta Zinkunegi (Ford Fiesta Rallye 2), Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti (Renault Clio Williams), Aitor Saizar eta Apalantza (Peugeot 207 S2000), Aitor Aristregi eta Maitane Nagore (Mitsubishi EVO IX), Mattin Villares eta Albizuri (Renault Clio Maxi), Agirretxe eta Labaka (BMW 1M), eta Marcos Diego eta Gabino Martinez (Porsche GT3).

Arantzazu Araneta izan zen atzoko agerraldian hitza hartu zuteneko bat, eta beren burua faboritoen zerrenda horretatik kanpo ikusten duela esan zuen hark. Besteak beste, iragarrita dagoen eguraldi euritsuarekin aukera gutxiago dituztela uste du Aranetak; etziko proban, "ondo pasatzea eta osorik bukatzea" izango da egungo txapeldunen helburua. Ion del Cid kopilotu gazteak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioaren presidenteak, Iñigo Cuesta Gipuzkoako federazioaren buruak, eta Egoitz Arruti Azpeitiko Udalaren Kirol batzordeburuak ere parte hartu zuten agerraldian.

Ordutegiak, xehetasunak eta segurtasuna

Azpeititik Errezilerako errepidea eta Aizarna Etumetatik bueltan lotzen dituen 15 kilometroko ibilbidean hiru saio edo manga osatu beharko dituzte etzi rallysprinteko parte hartzaileek. Goizean Epaitegietako plazan 10:00etatik aurrera egiaztapen administratiboak zein teknikoak osatu ondoren, 13:30ean abiatuko dira taldeak beren ibilgailuekin Antzibar industrialdeko asistentzia gunera, eta 14:30ean irtengo da lehen parte hartzailea. Hiru saioak bata bestearen atzetik eginda, lasterketa bukatu ondoren Epaitegietako plazara itzuliko dira irabazleak eta antolatzaileak, 19:00 aldera sari banaketa ekitaldia egiteko.

Rallysprintaren ibilbideko errepidea 13:00etan itxiko dute trafikoarentzat, eta ibilbidean autoak aparkatzea debekatuta egongo da; "gaizki aparkatutako edozein auto garabiak kenduko" duela ohartarazi dute antolatzaileek. Bertaratzen diren ikusleek beren ibilgailuak aparkatzeko toki hauek gomendatu dituzte: Landetako industrialdea, Granadaerrekara jaisten den bidea eta Benta Berriko bidegurutzetik Errezil alderako errepidea; azken bi horietan, bidearen alde bakarrean aparkatu ahal izango da, beti ere.

Era berean, beste behin, "leku seguruetan" kokatzeko eskatu diete antolatzaileek ikusleei, eta "inoiz ez" xingola gorriz markatuta egongo diren guneetan, "debekatutako lekuak direla esan nahi baitu". Lasterketako komisarioen aginduak jarraitzeko eta ingurua "txukun" zaintzeko deiak ere berritu zituzten atzoko aurkezpenean Lagun Arteakoek eta federazioetako buruek.