Etxebizitza berriak eraikiko ditu Etorlurrek Beizaman

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 12a, 09:22
Etxebista eraikinaren orubean lanean, herenegun goizean. (Mailo Oiarzabal)

Eraitsi berri duten Etxebista etxearen orubean altxatuko dituzte, herrigunean. Proiektua eta kopuruak zehaztea falta da, baina salmentan jarriko dituzte etxeak.

Herria husteari aurre egiteko lanean jarraitzen dute Beizaman, eta etxebizitzen sustapena da horretarako darabilten tresnetako bat. Bertako gazteei zein herriratu nahi dutenei etxebizitza duinak eta modu eskuragarrian aukeran jartzea da helburua, Beizaman bizitzea ahalik eta erakargarrien bihurtzea, eta asmo horren barruan kokatu behar da martxan jartzear den proiektu berria.

Oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundia dago Beizama biziberritzeko helburuarekin eraikiko dituzten etxebizitza berrien proiektuaren atzean. Joan den martxoaren 19an bota zuten Beizamako herrigunean kokatutako Etxebista izeneko etxea; garai batean herriko harategia hartu zuen etxeak hamabost bat urte zeramatzan hutsik. Etxebistaren orubea eta ondoko lurrak etxebizitza blokea eraikitzeko baliatuko ditu orain Etorlurrek, landa eremuan proiektuak garatzeaz arduratzen den aldundiaren sozietate publikoak.

Etxebista zenaren orubean lanean jarraitzen dute, eraiste lanak osatzeko eta gunea gerora etorriko den eraikuntza proiekturako prestatzeko. Eraikuntza proiektua bera argitaratzea ere falta dute aldundiak eta Etorlurrek. Horrenbestez, zehazteke dago zenbat etxebizitza eraikiko dituzten eta zer ezaugarri izango dituzten horiek, baina etxebizitzak salgai jarriko dituztela jakina da. Ez dira babestutako etxeak izango, merkatu libreko etxebizitzak izango dira, baina, era berean, Etorlur irabazi asmorik gabeko enpresa izanda, etxe horiek prezio eskuragarriagoa izango lukete; merkatu libreko ohiko sustapen batekoekin alderatuta modu hobean jarriko dituzte merkatuan, alegia.

Etorlur, berriro

Aldundiak Etorlurren bidez Beizaman egingo duen bigarren etxebizitza sustapena izango da Etxebista zenaren orubekoa. Lehen aldian adosatutako etxebizitzak eraiki zituzten, eta orain pisuak eraikiko dituzte.

Hain zuzen ere, 2000ko hamarkadan eraiki zituzten etxeen azpialdean eraikiko dituzte etxebizitza berriak. Beizaman zortzi etxebizitza adosatu eraiki zituen Etorlurrek duela hamabost urte; 2006an hasi ziren etxe haiek eraikitzen, eta 2009ko apirilerako bukatu zituzten. Orduko hartan, Beizamako proiektua Nuarbekoarekin uztartuta garatu zuen Etorlurrek –2008ko uztailerako beste sei etxebizitza adosatu egin zituzten han–.

Alokairuko etxeak, luzera

Duela urtebete, 2023ko martxo bukaeran, iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri txikietan etxebizitza eskaintza indartzeko ahalegin berria jarriko zuela martxan Etorlurren bidez. Etxebizitza premia asetzeko beharrari zegokionez, hamahiru udalerri "lehentasunezko" izendatu zituzten orduan, eta horietako bat zen Beizama.

Aipatutako foru egitasmoaren barruan kokatzen da, beraz, Etxebistaren orubean epe motzean gauzatzen hasiko diren proiektua. Berriena bai, baina ez da hori Beizaman etxebizitzarekin lotuta martxan dagoen egitasmo aipagarri bakarra. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ere martxan du beste etxebizitza sustapen bat. Kasu horretan, sustapena publikoa da: alokairu sozialera bideratuko dituzten hamabi etxebizitza erakiko ditu Jaurlaritzak, horiek ere Beizamako herrigunean, Eskolaetxe eremuan, udalak berariaz utzitako lurretan.

Proiektu hori, ordea, nahi baino askoz mantsoago doala aitortu du Beizamako Udalak. 2021ean, Europan izeneko kontinente osoko arkitekto gazteei zuzendutako lehiaketara aurkeztu zuen Jaurlaritzak Beizaman eraikiko dituen alokairuko etxeen proiektua. Kataluniako sei arkitektok aurkeztutako Ongi etorri proiektua aukeratu zuten Beizamarako, eta proiektuaren xehetasunak aurkeztu zituzten irabazleek herrian bertan 2022ko uztailean. Orduan, 2024rako alokairu sozialerako etxebizitzak bukatuta egotea aurreikusten zutela adierazi zuten Jaurlaritzaren arduradunek; baina halakorik ez da izango, eraikuntza lanak noiz hasiko dituzten ere ez baitago argi. Atzo bertan egitasmo horren bueltan batzarra egitekoak ziren Gasteizen Jaurlaritzaren eta Beizamako Udalaren ordezkariak, udalak jakinarazi duenez.