'Ongi etorri' proiektua aukeratu dute Beizaman hamabi etxebizitza sozial eraikitzeko

Nerea Uranga 2022ko uzt. 15a, 19:22

Beizaman alokairu sozialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko aukeratutako Ongi etorri proiektua aurkeztu dute gaur Natur Eskolan. 40 urtez azpiko arkitektoen Europan 16 lehiaketaren bidez hautatu da proiektu irabazlea, eta aurkezpen ekitaldian nabarmendu dutenez, Beizamakoa izan da lehiaketan proposamen gehien jaso dituena. Beizamako Eskolaetxe eremuko etxebizitza berriak 2024. urterako eginda izango dituztela aurreikusita du Jaurlaritzak. Alokairu sozialekoak izango dira, eta haietara hautatzeko aukera izateko Etxebiden izena emanda egon beharko da.

Beizamarako hautatu duten Ongi etorri proiektua Kataluniako arkitekto gazte talde batek sortu du. Honakoak dira taldekideak: Juan Carlos Martin Florit, Cynthia Rosalia Rabanal Llaudy, Jordi Olivella Cirici, Pol Mensa Biosca, Clara Alseda Rodriguez eta Andre Del Rio Ares. Proiektuaren egileek gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, etxebizitzak eraikiko diren eremua malda handikoa da, eta ezaugarri hori "bertute" gisa hartu dute etxebizitzen proiektua diseinatzerakoan, eraikinak maldara egokituz. Horrez gainera, orain urtebete Beizamara egindako bisitan ikusitakoa eta ezagututakoa txertatu nahi izan dute proiektuan: "Espazio pribatuak eta publikoak bat egiten duten eremuak eta aterpeak txertatuz, etxeak lotzeko pasabide bat eginez, eta produkzio guneak -ekonomatoa edota denda, tailerrak emango diren guneak, bulegoak izan litezkeenak...– beheko solairuetan aurreikusiz". Etxebizitzak eraikitzeko lurzorua "herriko toki pribilegiatu batean" kokatuta dagoela uste du arkitekto talde horrek: "Herriko plaza eta eliza ditu aurrean, udaletxea bertan dago... Herriko bizitza egiten den tokian dago. Gainera, ikuspegi paregabeak ditu, eta horri ere probetxua atera diogu etxebizitzen proiektua egiteko garaian". Alegia, herriaren beraren eta gunearen ezaugarrietara egokitu dute proiektua.

Beizamarako 'Ongi etorri' proiektua sortu duten arkitekto taldeko lau kide. (Argazkia: Nerea Uranga)

Beizamaren alde apustu egiteagatik eskerrak eman dizkie Pedro Otaegi Beizamako alkateak bai proiektuaren irabazleei, bai Europan lehiaketaren sustatzaileei, baita Eusko Jaurlaritzari ere. "Gaur egun, 136 biztanle ditu Beizamak, eta aukera mugatuak ditu herria biziberritzeko. Horregatik, guretzako poz handia da Beizamaren alde apustu egin dela ikustea", adierazi du aurkezpenean Otaegik. Beizamako Udalaren aldetik, Xabier Rezabal Beizamako Udaleko arkitekto aholkulariak ere hitza hartu du aurkezpenean. Rezabalen arabera, Beizama erakargarri egiteko, garbi izan dute Azpeitiak eta Tolosak eskaintzen ez duten zerbait eskaini behar zutela, eta horretarako aukera paregabea izan da Europan 16 lehiaketan parte hartzea. "Lehiaketa arkitekto gazteei zuzendutakoa da, eta hauek ideia berriak nahiz ikuspegi desberdinak eskaini diezazkeguke; alegia, Beizamaren garapenerako ideia berriak emanez", esan du Rezabalek."Espero dugu proiektu berri honek gazteak erakarriko dituela herrira. Herriarentzako arnas berria da izan daiteke, baita Beizamaren tankerako beste herri batzuentzat baliagarria ere. Ea Beizama bizirik leloa egi bihurtzeko aukera ematen duen".

Proposamen gehien Beizamarako

Europan lehiaketaren helburu nagusia habitataren eta hirigintzaren arloko ezagutzan eta ikerketan sakontzea da. Beizamako alokairu sozialerako hamabi etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak eraikiko ditu; eta horretarako, Eskolaetxe eremuko lurrak eman dizkio udalak Jaurlaritzari. Erakunde horrek Europan 16 lehiaketara aurkeztu zuen Beizamako asmoa, eta Europa mailako bederatzi herrialdetako 39 gunerekin parte hartu du. Europan Espainia federazioko ordezkari Carmen Imbernon-ek Europan lehiaketaren jatorria eta izaera azaldu ditu, eta esan du berrikuntzan nahiz hirigintzaren eta bizimoduaren uztartzean ikertzea eta sakontzea dela lehiaketaren helburua. "Kokapenera eta bertako bizimoduaren ezaugarrietara egokitutako etxebizitza eta hirigintza proiektuen alde egiten da gaur egun Europan federazioan. Edizio bakoitzean gai nagusi bat hartzen da; Europan 16ren kasuan Hiri biziak izan da gai generikoa. Edizio bakoitzean 40-50 kokagunek parte hartzen dute, eta horien gainean arkitekto gazteek proposamenak aurkezten dituzte. Azken edizioko kokapenetako bat izan da Beizamakoa, eta lehiaketan parte hartu duten arkitektoei erakargarria egin zaie, proposamen gehien jaso dituen gunea izan baita", azaldu du Imbernonek. Lehiaketan federazioak, tokian tokiko erakunde publikoetako ordezkariek eta epaimahaiak elkarlanean jarduten dutela ere nabarmendu du Europaneko ordezkariak.

Beizamarako aurkeztutako proposamenetatik bat aukeratzea lan zaila izan dela azpimarratu du Rocio Peña Europan 16 lehiaketako epaimahaiko kideak. "Eusko Jaurlaritza eta Beizama zoriondu nahiko nituzke, Beizama izan delako Europan 16ko kokaguneetatik proposamen gehien jaso dituena. Interes asko sortu du Beizamak, proposamen asko izan ditu, eta lan zaila izan da bat aukeratzea. Sei proposamen aurkeztu dira Beizamarako, eta lehiaketan lehen eta bigarren sariak jaso dituzte horietako bik. Nabarmendu behar da proposamen gehienak baserria oinarri hartuta egin dituztela, eta horrek badu arrazoi bat: baserria izatez etxebizitza produktiboa baita. Ongi etorri proiektua aukeratu dugu Beizamarako kokalekuarekin bat egiten duelako, eta gune pribatuak lotuta izateaz gainera, gune publikoak eskaintzen dituelako".

"Berritzailea eta egingarria"

Eusko Jaurlaritzarentzako Beizamakoa "ilusiozko proiektua" dela azpimarratu du Alfonso Sanz Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio saileko ordezkariak. "Guretzako erronka izugarria da Beizamakoa; herri txikia da, baina zoragarria. Beizaman alokairu sozialeko hamabi etxebizitza eraikiko dira, eta proiektu interesgarria eta berritzailea izango da guretzat ere. Agian, aurrera begira, Beizamako esperientzia beste herri txiki batzuetara esportatzeko moduko ideia izan daiteke. Estatu mailan zazpi kokapenek parte hartu dute, eta Beizama izan da horietako bat". Europan lehiaketa aukera bat da era honetako proiektuak aurrera eramateko eta sustatzeko, Sanzen arabera.

Beizamako etxebizitza publikoaren proiektuan erakundeen arteko lankidetza azpimarratzekoa izan da Jaurlaritzako ordezkariaren ustez: "Espainiako ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren arteko elkarlana garrantzitsua izan da. Aurretik, Europan 15ean, Lasarte-Oriako proiektu berritzaile baten alde egin zen. Kasu hartan, etxebizitza produktiboen aldeko apustua egin zen, eta oraingo honetan ere etxebizitza eredu horren alde egin da, baina Beizamara, landa eremura egokituta. Beizamako proiektuak ezaugarri interesgarri asko ditu, eta arrakasta izatea espero dugu, berritzailea eta egingarria delako".

Proiektuen erakusketa Beizamako Natur Eskolan dago ikusgai irailaren bukaerara arte. (Argazkia: Nerea Uranga)

Erakusketa irailaren bukaera arte zabalik

Europan 16 lehiaketan Beizamarako aurkeztutako proiektuetatik bost izan dira finalistak; tartean, irabazlea. Proiektu horiekin erakusketa zabaldu dute Beizamako Natur Eskolaren goiko solairuan, eta nahi duen orok hura ikusteko aukera izango du irailaren bukaera bitartean. Asteartetik ostiralera, 09:000etatik 14:00ak bitartean,  egongo da zabalik. Erakusketa bisitatzera joan nahi dutenek, Beizamako udaletxeko bulegoan eskatu beharko dute Natur Eskolako atea irekitzeko aurrez aipatutako ordutegi horretan.

Beizaman babestutako etxebizitzak eraikitzeko Bizi Beizaman proiektua jarri zuten martxan Beizamako Udalak eta Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkarteak 2008. urtean. Herrira jende berria erakartzeko eta bertakoa herrian gelditzeko asmoari tiraka, 2020ko uztailean, berriz, udalak eta Eusko Jaurlaritzak Beizamako Eskolaetxe eremuan gazteentzako alokairurako etxebizitza publikoak sustatzeko lankidetza akordioa sinatu zuten. Hitzarmen hori betez, Beizamako Udalak egin eta onartu ditu Urbanizazio Jarduketarako Programa (PAU) eta Birpartzelazio Proiektua, nahiz etxebizitzak eraikiko dituzten lurrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, hark gune horretan alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.