2023ko udal eta foru hauteskundeak

Odol delituengatik zigortutako EH Bilduren zazpi zerrendakidek uko egingo diote zinegotzi izateari, tartean Begoña Uzkudunek

Ane Olaizola 2023ko mai. 16a, 11:04

Odol delituengatik zigorrak beteta dituzten EH Bilduren zazpi hautagaik gutuna bidali dute, eta jakinarazi dute "ahal den heinean" beraien hautagaitzari uko egingo diotela. ETAren biktimei eta "oro har" Euskal Herriko gatazka "sufritu duten guztiei" ere zuzendu zaizkie, eta haiek jasandako mina "ez areagotzeko" konpromisoa agertu dute. 

Auzitegi Nazionalak zigortu zituzten eta datozen hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendakide ziren 44 hautagaietatik zazpik aurreratu dute ez dutela zinegotzi kargua hartuko, NAIZ hedabideari bidalitako gutun batean jakinarazi dutenez. Odol delituengatik zigorrak betetakoak dira zazpi pertsonak, eta horien artean dago Begoña Uzkudun errezildarra —hirugarren dago Errezilgo EH Bilduren zerrendan—. Era berean, zazpiek jakinarazi dute "ahal den heinean" beraien hautagaitzari uko egingo diotela —zerrenda guztiak ofizialki argitaratua daude dagoeneko—. Dena den, ziurtatu dute, hautetsi izanda ere, "inongo kasutan" ez dutela zinegotzi kargua hartuko. ETAren biktimei eta "oro har" Euskal Herriko gatazka "sufritu duten guztiei" ere zuzendu zaizkie, eta haiek jasandako mina "ez areagotzeko" konpromisoa agertu dute. 

Azken egunetako polemika mediatiko eta politikoaren erdian hartu dute erabakia EH Bilduren zazpi hautagai horiek. Haien arabera, 44 hautagaietatik gehienak "soilik politikoak ziren jarduerak" egiteagatik zigortu zituzten, "dena ETA da" doktrina erabilita. Dena den, hautagaitzari uko egin dioten zazpiek aitortu dute beraien kasuak "nabarmenagoak" izan zirela kondenatu zituzten ekintzetatik: "Ez dugu orain gure iraganeko militantzia ukatuko, ezta horrekin dugun erantzukizuna ere", gaineratu dute.

Sinatzaileen arabera, "agerikoa" da interes partidistak nagusitu direla azken egunetan, eta horiek "elkarbizitzarekin eta bakearekin zerikusi gutxi" dutela salatu dute. Azpimarratu dute polemikaren helburua izan dela "EH Bilduri min egitea", koalizioa "ezinbesteko erreferente" eta "indar eraldatzaile nagusia" bilakatu delako.

Sinatzaileek bat egin dute Urriaren 18ko Aieteko adierazpenarekin, eta azaldu dute beraien asmoa ez dela "iragana ezkutatzea": "Beharrezkotzat jotzen dugu memoria ariketa zintzo, eraikitzaile eta osoa egitea. Ez dugu iraganik gabeko etorkizunik nahi, baina ezin dugu ontzat eman gure herria etorkizunik gabeko iraganera kondenatu nahi duten sektore erreakzionarioen jarrera". Horrez gain, azpimarratu dute "hasieratik" parte hartu dutela duela hamarkada bat baino gehiago ezker abertzaleak hasi zuen "estrategia aldaketan": "Bide politiko eta demokratikoen alde egindako apustu argia onartu genuen".

Uzkudunek ez ezik, honako hauek sinatu dute gutuna: Jose Antonio Torre, Asier Uribarri, Lander Maruri, Jose Ramon Rojo, Juan Carlos Arriaga eta Agustin Muiños.