2023ko udal eta foru hauteskundeak

Txalo artean hartu du Errezilgo alkatetza Koldo Arzallusek

Nerea Uranga 2023ko eka. 17a, 13:00

EH Bilduko ordezkariak aldeko bost boto jaso ditu, eta Errezilgintzako ordezkari Iñaki Labakak bi. Errezilgo udaletxeko batzar aretoa jendez beteta dela hartu du alkate kargua Arzallusek, hunkituta.

Udalbatza berria osatzeko osoko bilkura egin dute 11:30ean Errezilgo udaletxean, eta maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, jakinekoa zen Koldo Arzallus EH Bilduko zerrendaburuak hartuko zuela alkate kargua. Lau zinegotziren aldeko botoekin nahikoa zuen EH Bilduk Udal Gobernuari eusteko, eta bost eskuratu zituen bozetan, eta Errezilgintzak, berriz, bi. Bai Arzallusek eta bai Iñaki Labaka Errezilgintzako zerrenburuak aurkeztu dute alkatetzarako hautagaitza; Arzallusek bost boto jaso ditu eta Labakak bi, horrenbestez EH Bilduren hautagaiak lortu du alkatetza. Bigarren aldiz izango da Errezilgo alkatea Arzallus. Alkateaz gainera, honela osatu da Errezilgo udalbatza berria: EH Bildutik Izaro Zinkunegi, Garazi Arakistain, Nekane Zinkunegi eta Josu Uzkudun izango dira zinegotziak, eta Errezilgintzatik Iñaki Labaka eta Andoni Aizpuru.

Udaletxeko aretoa jendez beteta zela, txalo artean jaso du alkate makila Arzallusek, azken zortzi urteetan Errezilgo alkate izan den Xebero Agirretxeren eskutik. Hunkituta jaso du, eta eskerrak eman dizkie udalbatzar aretora joan diren herritarrei. Behin alkate kargua hartuta, udaletxean ahalik eta lanik txukunena egiten ahaleginduko direla agindu du Arzallusek, eta horretarako inguruan eta udaletxean bertan duen taldearekin posible izango dela adierazi du. Maiatzaren 28ko bozetan EH Bilduri boza emandako herritar guztiak eskertu ditu, eta azken urteetan Errezilgo udaletxean lan egin duten langile eta ordezkari politikoen lana goraipatu du: "EH Bilduko kideek egoera ekonomiko txarrean hartu zuten Errezilgo Udalaren gobernantza, eta haiek irauli egin dute azken agintaldietan. EH Bilduko aurreko alkateek eta udal taldeen lanari esker, bestelako egoera batean dago egun udala, eta horrek Errezilen alde lan egiten segitzeko aukera emango digu guri". Horregatik guztiagatik, "Errezilgo udalean herriaren alde lanean" jardun duten guzti-guztiak eskertu ditu, eta "bereziki" 2011n Errezilgo Udalaren gobernantza hartu zutenak eskertu ditu: "Garai hartan udala zegoen egoeran zegoela, udalaren ardura hartu eta egoera hari buelta ematen hasteko balorea eduki zutelako den-denei eskerrak eman beharrean gaude". Hitz horien ostean, txalo zaparrada jaso du Arzallusek.

Errezilgintzako bi hautetsiei ere zuzendu zaie Arzallus, eta adierazi die haiek ere kontuan hartuko dituztela "edozein aukera edota proiektu" aurrera ateratzeko.

Xebero Agirretxek alkate karguaren lekukoa Arzallusi eman ostean, esker hitzak izan ditu herritarrentzako, udal taldea harekin osatu dutenentzako, baita udaletxeko langileentzako eta teknikoentzako ere. "Azken bi agintaldietan lankide izan ditudan guzti-guztiak eskertu nahi ditut", adierazi du. Udalean lankide izan dituen guztiekin lan egitea "plazera" izan dela azpimarratu du Agirretxek.

Udalbatza berria osatuta, udaletxean bildu diren guztientzako hamaiketakoa izan da Errezilen.