Errei bat ireki dute Errezil eta Bidania-Goiatz artean eta trafikoa semaforoekin zuzentzen ari dira

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 9a, 21:07
Semaforoak eta errei bat irekita, goizean luizia izan den tokian. (Errezilgo Udala)

Goizaldean gertatu den luizia handia izan da eta bihar jarraituko dute pilatutako lurra jasotzeko lanean, baina bien bitartean errepidea erabilgarri egongo da.

Luizi handi batek errepidea guztiz itxi du gaur goizaldetik arratsaldeko azken orduraino Errezil eta Bidania-Goiatz artean, GI-2634 errepidean; Errezilgo herrigunetik hiru bat kilometrora gertatu da lur jausia, Zelatunerako bidegurutzearen eta Trintxera gainaren artean, 06:00 aldera.

Errezilgo Udalak jakinarazi duenez, lur jausia handia izan da, eta lurra erretiratzen eta bidea garbitzen lanean aritu diren arren, errepidea moztuta egon da ia egun osoan. Hala ere, azkenean lortu dute errei bat garbitzea eta, semaforoez lagunduta, trafikoa txandaka antolatzeko modua egin dute luiziak hartu duen tartean.

Oraindik lur asko dago errepidea oztopatzen eta bihar jarraituko dute guztia garbitzeko lanean. Hori dela eta, tarteka berriro errepidea moztea litekeena dela ohartarazi du Koldo Arzallus Errezilgo alkateak.

Luiziaren arrastoa nabarmena da oraindik. (Errezilgo Udala)