2023ko udal eta foru hauteskundeak

"Gaztetasuna eta esperientzia" uztartzen dituen hautagaien zerrenda aurkeztu du Getariako EAJk

Juan Luis Romatet 2023ko api. 22a, 10:55

Maiatzaren 28rako osatu duen zerrenda aurkeztu zuen Getariako EAJk atzo, ostiralez, Berdura plazan egin zuen ekitaldian. Iosu Mugika alkategaiak ekitaldian nabarmendu zuenez, gaztetasuna eta esperientzia uztartu nahi izan ditu zerrendan.

Maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu zuen atzo Getariako EAJk Berdura plazan egin zuen ekitaldian. Herritar ugari bertaratu zen ekitaldira, baita inguruko herrietako alderdikide batzuk ere, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portua elkarteko zuzendaria, esaterako. 

Aurreko hauteskundeetan EAJren alkategai izan den Aitor Urresti aritu zen ekitaldia gidatzen. Bere esanetan, orain lau urte esandako hitzek balio bera dute gaur egun ere, "gauzak ez direlako aldatu. Getaria inflexio puntu batean dago; gora egingo duen edo behera egingo duen unea da, eta hori getariarrek erabakiko dute", maiatzaren 28ko hauteskundeetara begira jarrita. 

Gogoratu zuen lau urte egon dela oposizioan lanean, "getariarren interesak bermatzen". Udal gobernuari eskua luzatu dietela ere azaldu zuen, baina hauek "muzin egin" dietela. Aurrera begira jartzeko unea dela ere adierazi zuen, eta "ilusioa" hitza aipatu zuen Urrestik. 

Maiatzeko hauteskundeetara begira Iosu Mugika alkategaiak "entzumen aktiboko ariketa" bat egin duela ere gogoratu zuen Urrestik, eta herriko elkarte, enpresa eta pertsonekin bildu dela. "Horren bidez lortu dugu entzutea herriak zer behar dituen".

Ekitaldian presente zeuden zenbait lagunei –horietako batzuekin osatu dute hauteskundeetarako zerrenda– Getariak bizi duen egoeraren eta beharren inguruan galdetu zien. Hala, herria "geldirik" dagoela azaldu zuten batzuek, baita "aukerak galdu" direla ere. 

Andoni Aristi alkate ohiak, berriz, Mugikaren "prestutasuna eta baloreak" goraipatu zituen. Zentzu horretan, alkategaiaren "errespetua, konpromisoa eta lana" egiteko duen bokazioa txalotu zituen. "Herritarrok halako alkate bat behar dugu eta maiatzaren 28an lortuko dugu", esan zuen Aristik.

119 bilera "Getaria osoa" ezagutzeko

Iosu Mugika alkategaiak aurkeztu zuen maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrenda. Aurretik Urrestik egin bezala, "Getaria osoa" ezagutzeko egindako bilerak gogoratu zituen –119 Mugikaren esanetan–, eta zerrenda osatzerakoan "gaztetasuna eta esperientzia" uztartu nahi izan dituela ere nabarmendu zuen. "Jende gazteari esker nago hemen eta jende gaztea erakarri nahi izan dut. Hala, gazte hauei eskerrak eman nahi dizkiet talde honen kide izateagatik".

Zerrenda honako hamasei lagunek osatzen dute:

  1. Iosu Mugika Garmendia
  2. Karmele Martiarena Mugertza
  3. Aitor Urresti Martinez
  4. Karmele Azkue Iribar
  5. Hostaizka Etxeberria Arruabarrena
  6. Aitor Jimenez Ezenarro
  7. Xabier Etxaniz Arruti (independentea).
  8. Itziar Etxarte Otegi
  9. Ioritz Ezenarro Beloki
  10. Maite Barruetabeña Zenekorta
  11. Aritz Iribar Solabarrieta
  12. Rosi Antia Albizu
  13. Julen Aranguren Sorazu
  14. Emeterio Urresti Isasti
  15. Elena Urresti Arruti
  16. Beñat Olabarri Ezenarro (independentea)