Antxoak dastatuz lehertu da festa

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 5a, 21:40

Frontoian jarritako lau parrilatan ehunka eta ehunka antxoa erre, eta dozenako mila razio inguru banatu dituzte gaur arratsaldean Antxoa Eguneko egitarauko hitzordu nagusienetakoan.

Gaur eguerdian abiatu da Antxoa Eguna Balentziaga Museoan egin duten ekitaldi instituzionalarekin, baina festa arratsaldean lehertu da, frontoian antxoa erreak eta edariak banatu dituztenean. 19:00ak izateko ordu laurden falta zenean hasi dira txartelak saltzen dozena antxoa banatzeko, eta edaria ere aukeran egon da txartel zehatzak erosita –aurten txakolina, sagardoa txotxetik eta Getariako garagardoa eskaini dute, uraz gain–.

Antxoan mila txartel jarri dituzte salgai, eta edarienak, guztira 900 –hirurehuna garagardo, txakolin eta sagardoarentzat–. Udal ordezkariek azaldu dutenez, aurten txakolin kantitate bikoitza eskaini da, "iaz batere gabe gelditu ginelako". Gargardoa eskaintzen duten aurreneko aldia da, berriz.

Ilara luzeak sortu dira, baina boluntarioek HITZAri azaldu diotenez, "aurten iaz baino antolaketa hobea izan da, iaz antxoak erretzeko bi parrila zeudelako, eta aurten, berriz, lau". Guztira 40-50 boluntario aritu dira lan eta lan, "herriko elkarte guztietako partaideak" denak, baita udaleko politikari eta langileak ere, ohi bezala.

Antxoaren festari hasiera, ordea, herriko txikienek eman diote: Gure Txeruko dantzari gazteek, LH1 eta 2. mailako neskek. 18:30 aldera elkartearen egoitzatik frontoira txistularien atzetik joan dira, eta han saio polita eskaini dute. Txalo ugari jaso dute trukean.

Antxoa ezin freskoagoak

Gaur bertan porturatutako hamabost kaxa antxoa garbitu dituzte parrilan erretzeko –kaxa bakoitza hamar kilo ingurukoa– , eta beste hainbat kaxa ere iritsi zaizkie –kopuru zehatza ez zekiten arren– herritarrei eta bisitariei eskaintzeko. Izan ere, getariarrak bai, baina kanpotarrak ere ugari ikusten ziren frontoian jateko eta edateko prest.

Parrilak, berriz, 17:30ean piztu dituzte, eta 19:00etan hasi dira antxoak erretzen. Bost minutu alde batera eta bestera ibili, gatza bota, eta platerera. Parrilan erretako antxoak ez omen du besterik behar, parrileroen arabera. Hori bai, zerbitzatu aurretik bizigarria bota diete antxoei (ozpin,  olio eta baratxuri nahasketa), mokadua are gozoagoa egoteko.

Bihar eta etzi, gehiago

Festa hasi besterik ez da egin, ordea. Bihar, larunbata, eta etzi, igandea, hainbat ekitaldi izango da herrian Antxoa Egunaren eta Arrantzale Egunaren harira.

Larunbata

-10:00. IV. Juan Sebastian Elkano Xake Torneoa, Berdura Plazan. 
-10:00. Portuan, Kofradia–itsas Etxearen eskutik, Izan Arrantzale tailerra, 6–12 arteko umeentzat, doan. 10:00-11:30, itsas eskulanak tailerra; 11:30-12:30, itsas esperimentuak tailerra; eta 12:30-14:00, arrantza tailerra izango da.
-10:00-14:00. Saregileen lan erakusketa.
-10:00-11:30. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak.*
-12:30-14:00. Antxoaren artisau-kontserba tailerra Mater itsasontzian.*
-16:00-19:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. *
-18:00. Euskal Mitologiako haur jokoak egingo dituzte frontoian (giro txarra egingo balu, kiroldegian).
-20:30. Eragiyok abesbatza, Salbatore Deunaren elizan.

Igandea. Arrantzale Eguna
-11:00. Gipuzkoako Trainerilen Ligako hirugarren jardunaldia, XI. Antxoa Eguna bandera.
-11:00. Arrantzaleen meza, Getariako abesbatzak abestuta. Zuzendaria: Jesus Aldalur.
-Ondoren. Itsas Bedeinkapena, Artzapen.
-Jarraian. Arrantzale zaharrei omenaldia eta hamaiketakoa.
-13:00. Getariako Musika Bandaren kontzertua, elizan. Honako piezak joko dituzte: El tambor de Granaderos (Chapí), Las Walkyrias (Wagner), Alvamar (James Barnes), American Symphoni (Naohiro Iwai) eta Can´t take my eyes of you (Crewe Gaudio).
-10:00-11:30. Mater itsasontzian bisita gidatuak.*
-12:30-14:00. Antxoaren artisau kontserba tailerra., Mater itsasontzian.*
-16:00-19:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak.*
-18:00. Urrezko Aizkora, frontoian. Bitartean, kaleak girotzen Irulitxa txaranga.

*Izena ematea beharrezkoa izango da.