2023ko udal eta foru hauteskundeak

Haritz Alberdi: "Portuan, eraikinak berregin behar dira aurrena"

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2023ko mai. 16a, 11:00

Haritz Alberdi (Getaria, 1977) da Getariako EH Bilduren alkategaia maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako. 2019ko udal hauteskundeetan bera hautatu zuten alkate, eta irabaziz gero, bigarren agintaldia egingo du.

Bigarrenez herria gidatzeko prest?

Gogotsu nago, bai. Niretzat ohorea izan da lau urte hauetan alkatea izatea, herritar guztien ordezkari izatea, bizi esperientzia zoragarria izan da, eta pozik eta kristoren gogoarekin nago jendeak berriro ere alkategai izateko aukera eman didalako.

Agintaldi berezia izan dela esan dezakegu, pandemiagatik aurrena, eta lehenengo mundu biraren urteurrena izan duzuelako, gero. Nola baloratzen duzu agintaldi hau?

Konplexutasun eta konplikazio horiekin guztiekin, gure balorazioa oso positiboa izan da. Udal barnean positibotzat baloratu da, baina kidegoak ere oso positibotzat baloratu du lau urte hauetan egin dugun lana. Jakin izan dugu arlo guztietan eragiten, eta arlo guztietan ideia desberdinak plasmatzen eta martxan jartzen.

Bateren bat nabarmenduko zenuke?

Nik uste dut herri honetan 2011n aldaketa eman zela, jada normaltzat ditugun egoera asko aldatzen hasi zirela, eta azken lau urteetan hori pixka bat azkartu egin dugula. Pertsonak nabarmenduko nituzke, pertsonak erdigunean jarri ditugu eta horien inguruko politikak landu ditugu. Nabarmenduko nuke getariarren historia osoan bideratu den diru kopuru handiena erabili dela gehien behar duten pertsonen beharrei erantzuten. Esango nuke historian lehen aldiz Getariako curriculuma idazten hasi garela eta lehenengo Berdintasun Plana idatzi dela, eta azkenik, hainbat parte hartze prozesu egin izana ere nabarmenduko nuke; horietako bat oraintxe aipatu duzun Elkanoren Lehorreratzearena izan da.

Zuen programan, helburu nagusi gisa zehaztu duzue herritarrek herrian bertan baldintza duinetan bizi ahal izatea. Horretarako zer ekintza egin beharko lituzke udalak?

Askotan aipatu izan dut gure ametsetako bat dela herritarrak Getarian baldintza duinetan bizitzen ikustea, eta horretarako ezinbestean bide bat egin behar dugula, eta bide horretan askotariko proiektuak martxan jarri behar ditugula. Lehentasun nagusienetako bat, bai Getarian, bai eskualdean, bai Gipuzkoan eta beste txoko guztietan etxebizitza eskubidea sustatzea eta bermatzea da, eta gure eskumenen barruan etxebizitza publiko babestu horiek sustatzea dago, batetik Potzuaga gaineko eremuan aldaketa partzial bat eginez eta ahalik eta etxe babestu gehien eginez; bestetik, alokairu sozialeko etxeak eginez – lau urte hauetan lortu da lur publiko bakarrenetakoan egitasmoa martxan jartzea–; eta, azkenik, etxebizitza huts dezente dago Getarian, eta horiek Alokabiderekin elkarlanean merkatura atera nahi ditugu. Baina badaude despistatu ezin garen beste arlo batzuk ere aisialdian, hezkuntzan, kirolean...

Hirigintza Plan Orokor berria egitea tokatuko da hurrengo agintaldian. Nolakoa irudikatzen du EH Bilduk?

Orain arte Getarian ezagutu ditugun arau subsidiarioak EAJk idatzi ditu, eta aurreneko aldiz idatzi ahalko lituzke EH Bilduk. Uste dut horretan ere herritarrak erdigunean jarri behar ditugula. Noski, dauden arauak kontuan hartuta, baina bestelako plan bat bultzatu beharko litzateke, non berdintasuna, jasangarritasuna eta herritarrak kontuan hartuko liratekeen

Lehen aipatu duzu despistatu ezin zareten beste proposamen asko dituzuela.

Hainbat eragilerekin elkartu gara, eta lau urteotan ere harreman zuzena izan dugu herriko eragileekin, besteak beste, herri honen dinamikaren bihotza direlako bai taldeak, bai pertsonak. Eta eragile batek esan zigun eskolako haurrak igerilekura eramateak gastu handia zekarrela eta ea posible izango ote zen haurrek igeriketa saioa hondartzako igerileku natural horretan egitea. Planteatzen duguna da Getariako hondartzetako gune batzuk egokitzea aldagela bezala eta saiatzea igerileku natural hori igerileku bihurtzen.

Kataprunarako ere badu proposamena EH Bilduk

Bai. Oso leku maitea da, eta oso erabilia uda partean. Goiko eremua egokitzea proposatzen dugu, eta behingoz txiringito duin bat sortzea, baina ez hori bakarrik; eraikina bera ere eraberritzen hastea nahi dugu. Jabetza kontuak argitzeko urratsak ematen hasia da udala, baita birpartzelazioari dagokionez ere. Katrapunari lotuta moila dago, eta hor badaude herritarrek behin eta berriro aipatzen dituzten beste bi eraikin: nautikoa batetik, eta kofradia zaharra, bestetik. Nautikoari dagokionez, udala ari da aldundiarekin batera proposamen bat lantzen;  urratsak ematen ari gara eta sinesten dugu bukaerara arte eramango dugula aurrera, eta hori amets bat gauzatzea litzateke.

Eta kofradia zaharrari dagokionez, zer?

Herritarrok asko maite dugun eraikina da kofradia zaharra. Bere garaian, Eusko Jaurlaritzak porturako plan berezia egin zuenean, udalak alegazioak sartu genituen, eta esan genuen guretzat ezinbestekoa zela portuan beste ezer eraiki aurretik gaur egun dauden eraikinak berregitea. Duela lauzpabost urte mahai gainean jarri genuen proposamen bat, eta harrezkero ere ideia batzuk bota ditugu, eta uste dut aterabide bat aurki dakiekeela moilako gune horiei.

Gaia aldatuz, proposamen zehatzak dituzue aisialdiaren eta hezkuntzaren arloan, ezta?

Aisialdiari dagokionez, toki egokian gaude [kiroldegi aurrean egin da elkarrizketa], agintaldi honetan planteatu dugulako estalpea egitea herrian behar bat ikusten zelako, eta guk uste dugu estalpeak adin tarte zabal bati eta behar desberdinei erantzun behar diela, eta horregatik planteatzen dugu kiroldegi aurrean egitea, batetik eskolaren beharrei erantzuten dielako, eta bestetik, herrian dauden behar desberdinei ere erantzun diezaiekelako; izan herri bazkariak, kontzertuak... Hezkuntzaren arloan, jaso dugun eskakizunetako bat izan da kanpoko horma berritzearena. Bestetik, curriculuma idazten jarraituko dugu eta, horrez gain, beste bi ekintza egingo ditugu: ikasgela Kultur Etxetik Ulpiano aretora lekualdatu, eta horrek utzitako tokiarekin, liburutegia berrantolatu.

Gaztetxea ere tokiz aldatzea tokatuko da...

Batetik, Eskualtxetan [orain hor dago Gaztetxea] ekipamendu dotazionalak egingo dira, eta bestetik, musika taldeek entseatzeko lokalak behar dituzte. Bi kontu horiek uztartu egin behar direla uste dugu. Proposamen zehatz bat badugu, baina aukerak eta gune posibleak mahai gainean jarri eta eragileekin elkarlanean aztertu behar direla uste dugu.

Herritik herrirako dituzuen proposamenez gain, EH Bilduk eskualde mailan lantzekoak ikusten ditu energiaren eta turismoaren gaia, esaterako.

Gai horietan eskualdeak, udal elkarteak, eragin zuzena dauka, herriok emandako eskumenak dituelako eta eskumen horiek eragin zuzena dutelako bai getariarrengan, bai eskualdeko herritar guztiengan. Turismoaren gaia partekatzen dugu, adibidez; nolako turismoa eduki behar dugu gure eskualdean? Guk argi dugu ezinbestean hitz egin behar dugula horretaz, eta turismo eredua bera ere aldatu egin behar dugula, egokitu egin behar dugula, garai berrietara. Energiari dagokionez, gauza bera: herriek eta tokiak duen garrantzia ahaztu gabe, guztiok partekatzen dugun kontua da, eta aurrera egin behar dugu elkarrekin eserita eta gaia mahai gainean jarrita.

Hori egingarria ikusten duzue alderdi desberdinen artean?

Uste dut hori dela dugun erronketako bat. Gu, herrian bertan ere, saiatu gara lau urte hauetan proiektuak aurrera eramaten, eta horregatik lehen baloratu dut positiboki agintaldia: 2011tik hona lantzen ari gara eta jada normaltzat jotzen dugu, eta da eredua bera. Desberdinok elkar ulertu behar dugu, elkarrekin eseri behar dugu eta elkarrekin herri hau aurrera atera behar dugu. Borondate kontua dela uste dut, eta egingarria dela. Eta guk herri honetan, hainbat egitasmotan erakutsi dugu horretarako gai izan garela. Esaterako, 2023ko udal aurrekontuak aho batez onartu ziren, eta uste dut hori eskualde osora eraman daitekeela, baina lana egin behar da.

Alkategaia zu zara, baina lantaldea duzu ondoan, eta herriko aurkezpenean esan zenuen batzuek esperientzia eskaintzen duzuela, eta beste batzuek, freskotasuna. Zer nabarmenduko zenuke lantaldeaz?

Lantaldeak herriaren ispilu izan behar duela uste dut; herria anitza da, herria bizia da, eta herrian pertsona konprometituak daude. Saiatu gara hori guztia gure zerrendara ekartzen, eta uste dut lortu dugula zerrenda anitza, bizia eta erabat konprometitua osatzea, ez guk esaten dugulako bakarrik; jendeak ere horrela adierazi digu. Eta aurkezpenean esan nuen orainaren eta etorkizunaren arteko lotura egiten duen zerrenda zela, herri hau gobernatu behar duenak izan behar duelako alde batetik esperientzia, eta bestetik, freskotasuna eta etorkizuna. Oreka hori bilatzen saiatu gara, eta uste dut lortu dela hori.

Bukatzeko, hemendik lau urtera nolako Getaria ikusi nahi luke Haritz Alberdik? Zer amesten duzu?

Beti esan dut ametsak ditudala eta amets horiengatik jarraitzen dugula urratsak ematen eta aurrera egiten. Zer ikusi nahi nuke? Herritarrak herrian bizitzen jarraitu ahal izateko baldintzak sortzen, eta herritarrak ikusten baldintza horiez gozatzen ari direla. Horrela nahiko nituzke ikusi getariarrak eta Getaria hemendik lau urtera; hor ere urrats bat gehiago egin dela eta getariarren bizi baldintzak asko hobetu direla ikusi nahiko nuke.