Andres Alberdi: "Euskaldun bakoitza ez bagara militante euskararekin, akabo"

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 28a, 12:00
Andres Alberdi, Getariako plazan. (Onintza Lete Arrieta)

Euskaltzain oso izendatu zutela urtea bete bezperan egin du Andres Alberdik (Getaria, 1950) sarrera-hitzaldia jaioterrian bertan, joan den larunbatean. Hitzaldiaren mamiaz hizketan aritu da Hitzarekin.

Andres Alberdik (Getaria, 1950) lau hamarkada eginak ditu irakaskuntzaren munduan, izan irakasten, izan ikasliburuak idazten edo horiek zuzentzen eta gainbegiratzen. Arauaren inguruan aritu da beti, eta larunbatean, euskaltzain oso izendatzeko sarrera-hitzaldia eskaini zuenean Getarian, gai horixe izan zuen hizpide, baina ez arauen alde egiteko soilik: euskararen erabileraz dago kezkatuta.

Euskaltzain oso izendatzeko ekitaldiko sarrera-hitzaldia egin zenuen larunbatean, 150 gonbidatu baino gehiagoren aurrean. Sentimendu asko gurutzatu al zitzaizkizun?

Sari modura hartu dut, hori da sentipena: urteetan egindako lanaren onarpen gisa, horren ordainetan etorri den zerbait bezala. Harrotasun puntua sentitzen dut, baina gehiago satisfazioa: zerbait egin duzun seinale da izendapena.  

Arauez jardun zenuen hitzartzean, arau berri batzuen beharraz, baina azpimarratu zenuen erabileran ere jarri behar dela arreta. 

Ni neu 39-40 urtez ibili naiz irakaskuntzan, beti arauen inguruan, izan ume edo gaztetxoekin lanean, izan ikasliburuak gainbegiratzen, horiek akats gabe argitara zitzaten. Hitzaldiaren lehenengo partean nire ibilbidea azaldu nuen, eta bigarrenean, arauez aritu nintzen: nire ustez, arau berriak behar dira, bai, baina araua ez da dena. Gaur egun, euskarak, arau linguistiko falta baino, beste hanka-mozkeria bat dauka, eta da erabileraren problema. Beste alderdi horiek kontuan hartu behar ditugu, bestela alferrik ari garelako. 

"Arauak ez nau kezkatzen,
euskararen erabilerak baizik"



Gogoeta hori egin duzu, beraz. 

Arauak behar dira, bai, baina kontuz: arauak ez nau kezkatzen, euskararen erabilerak kezkatzen nau. Beheraka goaz, eta hortik doa, nolabait, nire mezua. Euskaradun gero eta gutxiago jaiotzen gara, eta horretaz gain, goitik behera estaltzen dute euskara ingelesak, frantsesak nahiz gaztelaniak. Herri txikia gara, gutxi gara, egoera diglosikoan bizi gara, eta euskaldun bakoitza ez bagara militante euskararekin, akabo; arauak-eta soberan daude, bestea da inportantea. Barruko indarrik, motorrik, ez badago, burua landuta ez badago, zera esaten duena: "Aizu, gu herri bat gara, eta hau da tokatu zaiguna...". Lehen, Getaria bezalako herri batean, euskara natural-naturala zen, hemen euskaraz egiten zuten denek. Gaur egun, sakelako telefonoa sartu da ez bakarrik sukaldera; oheraino sartu da, eta hor dagoen mundu horrek dena zapaltzen du. Euskara askotan komunikazio tresnatzat hartzen dugu, baina ez da komunikazio tresna soila: identifikazioa da. Euskaratik kanpoko faktore asko-asko daude kontra ditugunak, eta ez dakit zenbateraino konturatzen garen. Buruari jira-bira eman behar diogu, atzeraka goazelako. 


Alberdi, sarrera-hitzaldia eskaini bezperan, Getariako plazan. (Onintza Lete Arrieta)

Arau berri zehatz batzuk aztertzea proposatu duzu, betiere, erabilera errazte aldera. 

Esaterako, aditz sintetikoek badute forma laburtua aginteran: etorri zaitez edo zatoz; egin ezazu edo egizu. Baina aditz perifrastikoak oso luze ematen ditugu. Proposamena da horiek, besteak bezala, arautzea eta laburtzea. Adibidez: kantatu iezadazu edo barka iezadazu; askotan pedantea da. Barkaidazu, edo barkadazu, kantaidazu esateko aukera aztertu behar da. Bidea erraztu egin behar da, sinpletu, beste bizitasun bat eman behar zaio hizkuntzari, eta bide bat horixe da. Izan ere, guk gaztelaniaz kalean ikasten dugu, guztia dagoelako erdaraz: telebista, irratia, egunkariak... Nahi gabe ere, ikasten dugu gaztelaniaz; euskaraz ezin da. Beraz, jarraibide batzuk behar ditugu; antzerkirako, elkarrizketetarako... Pedantekeria hori kentzeko bide bat da. 

Beste proposamen bat hitanoari buruz egin duzu. 

Hikako formuletan, Euskaltzaindiak aditzak, formak, eman zituen, baina oraindik estipulatu gabe dago nori egin behar zaion hika. Zuk zure aitari hika egiten diozu? Oraingo gazteek, bai. Gramatika deskriptiboetan, historikoetan, ikusten da bidea zein den, baina erabakia hartu gabe dago: subordinatu bat datorrenean, subordinatua den aditz hori jar daiteke hika? Hor bizi den gizona nire aita dek. Oraingo gazteek, berriz, esaten dute: Hor bizi deken gizona nire aita dek. Hori aztertu eta arautu egin beharko da, eta erabaki, tradizioari jarraitzea komeni den, ala molde berrietara egokitzea. 

Gaztetxoekin egin duzu lan urte askoan, bilobak dituzu orain, eta kalean belarriak adi ibiliko zara. Duela lau hamarkada idatzi zenuen lan bat haurren esaera traketsei buruz. Egoera ez zen hobetuko, ala?

Erdararen eragina hain da indartsua, lehen eta orain hanka sartze berberak egiten baitira: konpletiboa eta erlatiboa nahastea, adibidez. Bestalde, nik neuk sumatzen dudana da badatozela beste batzuk, orain arte euskaraz horrela erabili ez direnak, baina, era berean, ez direnak gaztelaniaren eraginez sortuak, berez datozenak baizik, eta horiek aztertu egin beharko dira. Adibidez: Zeba egin duzu hori? esaten dute umeek. Aztertzen hasi, eta konturatzen zara ez dela erdarakada. Hizkuntzak aldatu egiten dira, eta hau ez al da euskarak berak behar duen makulu bat, eta onartu beharrean gaudena? Euskara egokia egin behar dugu, bai, baina baita ere modernoa, hau da, gazte jendea erakartzeko moduko elementuak behar ditugu. Hori lortu da, esaterako, bertsolarien mugimenduarekin. Sekulako aurrerapausoa izan zen; begira zenbat jende arrimatu zen bertsolaritzara. Mota horretako asmakizunak behar ditugu jendea identifikatzeko euskararekin, eta euskararekin guay pasatzea badagoela erakusteko. Lan handia daukagu egiteko hor. 

Erlazionatuak

Andres Alberdi euskaltzain oso izendatu dute

Mireia Galarza Bastida 2023 aza 26 Getaria