Sormen egonaldiak egingo dituzten idazleak iragarri ditu Getariako Udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko urt. 10a, 13:14

Olatz Mitxelena idazlea. (Txalaparta)

Hain zuzen, Oihane Zuberoa erronkariarrak, Iñigo Martinez gasteiztarrak eta Olatz Mitxelena oiartzuarrak egingo dute egonaldi bana Getariako Epotx, Saiaz eta Katu-kale ostatuetan.

Joan den azaroan aurkeztu zituen Getariako Udalak idazleentzako sormen egonaldiak Uxue Alberdi eta herriko turismo eragileekin batera, eta dagoeneko jakinarazi dituzte 2024an aukera horretaz gozatu ahal izango duten hiru idazleak.

Hain zuzen, Oihane Zuberoa erronkariarra, Iñigo Martinez gasteiztarra eta Olatz Mitxelena oiartzuarrak egingo dute egonaldi bana Getariako Epotx, Saiaz eta Katu-kalen. Erronkariarrak bere saiakera liburuan jardungo du, eta transhumantzia abiapuntu izanik, arbasoen lekualdatzeko moduetatik bidaiei eta turismo ereduei buruz egingo du gogoeta. Martinezek, berriz, Ezinezkoaren balioa: Bizitzaren hutsuneen inguruan bueltaka lana garatuko du. Garaiaren ideologiaren kontra, ezinezkoaren balio existentziala aldarrikatzen duen saiakera idazten ari da bera. Oiartzungo idazlea, bere aldetik, egunerokotik hurbil dauden egoerez ari da idazten bere ipuin-liburua fantasia ukitu batekin, "irakurlea normaltasunean arrotz sentiarazteko asmoz". Epeei dagokionez, Zuberoa otsailaren 11tik 16ra izango da Getarian, Martinez martxoaren 10etik 15era eta Mitxelena martxoaren 17tik 22ra.

Herriko turismo baliabideak kultur sortzaileen eskura jartzea eta euskarazko idatzizko sorkuntza bultzatzea helburu dituen egitasmoa da Getariakoa, eta guztira zortzi proiektu aurkeztu dituzte 2024ko egonaldietarako. Udalak jakinarazi duenez, urte amaieran iragarriko du 2025eko egonaldien deialdia.