Martxoaren 8an elkarretaratzea egingo dute Getarian, Mariñak taldeak deituta

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 5a, 10:38

Azaroaren 25ean Mariñakek deituta egindako elkarretaratzea.

Herriko talde feministak arratsalderako deitu du protesta, eta udalak Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotu ditu igandeko film emanaldia eta hari buruzko erakusketa.

Getarian ere izango du oihartzuna Martxoaren 8ak, Emakumeen Nazioarteko Egunak. Batetik, Mariñak talde feministak elkarretaratzera deitu du egun horretan bertan. 18:30ean izango da bilkura, udaletxe aurrean.

Bestetik, udalak Martxoaren 8arekin lotu ditu igandeko film emanaldia eta hari buruzko erakusketa. Zine zikloa egiten ari dira herrian, eta igande honetan, hilak 10, izango da azken filma ikusgai: amatasunari buruzko Ama ta asuna lana. Horri lotuta, erakusketa ere egongo da zabalik udaletxe azpian, igande eguerdi partean. Hemen daude emanaldiari eta erakusketari buruzko xehetasunak.