TEK Getariari buruzko informazioa eta laguntza eskainiko dituzte larunbat honetan udaletxe azpian

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 5a, 12:46
Kiroldegiko teilatuan jarritako eguzki plakak. (Getariako Udala)

Otsaila hasieran aurkeztu zuten herriko energia komunitate berria, herritarrek energia kontsumoan deskontuak lortzeko helburuarekin. Horretarako bazkidetu egin behar da, eta udalak azaldu du 91 getariarrek eman dutela izena. Larunbat honetan aurrez aurreko informazio eta laguntza zerbitzua eskainiko diete herritarrei.

Getariako Udalak ohar bidez gogorarazi du zabalik dagoela TEK Getaria komunitate energetikoaren elkarteko bazkidea izateko epea, eta zehaztu du 91 herritarrek eman dutela izena oraingoz.

Bazkidetza Internet bidez egin behar da, baina udalak azpimarratu du herritarrek informazio gehiago eduki nahi badute edo izena emateko laguntza behar badute, udaletxe azpian jarriko dutela zerbitzua bi egunetan. Aurrenekoa joan den larunbatean izan zen, eta hurrengoa, larunbat honetan, hilak 9, eskainiko dute, 11:00etatik 13:00etara.

Horrez gain, herritarrek 900-85 96 95 telefono zenbakira deitu dezakete, edo www.tekgipuzkoa22.eus webgunean irakurri informazioa.

Tokiko energia komunitateak bultzatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, eta Getarian otsail hasieran aurkeztu zuten herritarren aurrean TEK Getaria energia komunitatea. Edinor enpresa ari da herriz herri proiektuak idazten eta gauzatzen, eta Gipuzkoako toki komunitateen arduradun Josu Etxebarriak eman zituen azalpenak Haritz Alberdi alkatearekin batera.

Kiroldegiaren teilatuan eta Askizuko eta Meagako frontoietan jarritako eguzki plakei esker, Getariako ia 300 familiak %25era arte aurreztu ahal izango dute beren faktura elektrikoa.