Aurkeztu dute TEK Getaria, herriko energia komunitate berria

Gorka Eizagirre eta Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 9a, 10:46

Herrian jarri dituzten eguzki plakei esker, bazkide egiten diren herritarrek faktura elektrikoan %25era arte aurreztuko dute. Asteazkenean aurkeztu zieten proiektua herritarrei, eta izena emateko epea zabalik da. Aizarnazabalen ere martxan da proiektua, eta han aurreratuago doaz; dagoeneko itxita dago izena emateko epea.

Tokiko energia komunitateak bultzatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, eta Getarian asteazken iluntzean aurkeztu zuten herritarren aurrean TEK Getaria energia komunitatea. Edinor enpresa ari da herriz herri proiektuak idazten eta gauzatzen, eta Gipuzkoako toki komunitateen arduradun Josu Etxebarriak eman zituen azalpenak Haritz Alberdi alkatearekin batera. Azken hori "pozik" agertu zen proiektuarekin, "urrats bat gehiago" delako energia autokontsumoaren bidean.
Izan ere, kiroldegiaren teilatuan eta Askizuko eta Meagako frontoietan jarritako eguzki plakei esker, Getariako ia 300 familiak %25era arte aurreztu ahal izango dute beren faktura elektrikoa.

Gainera, herritarrek ez dute dirurik jarri beharko bazkide egiteko, eta kuotarik ere ez dute ordaindu beharko aurreneko bost urteetan –ondoren ere kuota hori oso baxua izango zela azaldu zuten, herritar guztiek aukera berak eduki ahal izateko–.

Etxebarriak azaldu zuen eguzki plakak dagoeneko prest daudela, eta dena ondo bidean, aurten bertan jaitsiko zaizkiela fakturen prezioak bazkide egiten diren herritarrei; uztaila inguruan, haren aurreikuspenen arabera. Izan ere, etxe eta eraikinetan ez da inolako instalaziorik egin behar, dena birtuala delako: alegia, herriko hiru gune horietan ekoizten den energia ez da herriko etxeetara joango, sare orokorrago batera baizik. 
Getariarrek hilabete-hilabete eta erdi izango dituzte bazkide egiteko –jada zabalik da epea–, eta 300 lagunek baino gehiagok emango balute izena, zozketa bidez erabakiko lituzkete onuradunak. 

Etxebarriaren esanetan, aldundiak "apustu handia" egin du tokiko energia komunitateen alde, eta "Europa ere diruz babesten ari da proiektu horiek zabaltzea eta azkartzea, autonomia energetikoa areagotzeko, bai Europan, bai Euskadin, dependentzia handia" delako. Hala, Europako diru laguntzak erabili dituzte proiektuak egiteko, eta gainerakoa aldundiak jarri du, bai instalazioak egiteko, bai aurreneko bost urteetan proiektuak kudeatzeko. Ondoren, TEK Getaria irabazi asmorik gabeko elkarteak hartuko du bere gain alderdi hori. 

Getariako Udala 2019an hasi zen aldaketa klimatikoaren aurkako plana idazten, eta ordutik hainbat esku hartze egin dituzte, tartean argiteria publikoa aldatzea eta eraikin publikoetako energia lortzeko sistemak jartzea. "Beste egiteko bat zen herritarren eskura jartzea energia berriztagarriak eta hori sortuko luketen sistemak, eta horietako bat da TEK Getariarekin martxan jartzen dena", kontatu zuen Alberdik. Hori bai, azpimarratu nahi izan zuen "lehen urratsa energia gutxiago gastatzea" dela, eta bigarrena, berriz, "gehiago sortzen hastea" herrian bertan. 

Proiektuan, 432 eguzki plaka jarri dituzte, eta 194 kWekoa da instalatutako potentzia.

300
familiarentzat
Getariako ia 300 familiak aurreztuko dute faktura elektrikoan. Merkatariak eta autonomoak ere izan daitezke onuradunak. Bazkide izan behar da, eta izen ematea zabalik da TEK Getariaren webgunean.

   
Aizarnazabal, ia martxan


Urola Kostan, Aizarnazabal ere sartuta dago aldundiak bultzatutako tokiko energia komunitateen proiektuaren barruan. Egitasmoa iaz hasi zuten Gipuzkoako hogei herritan, eta Aizarnazabalen amaituak dituzte instalazio lanak, baita izen emate epea ere. "Gustura gaude herritarrengandik jasotako erantzunarekin, jende askok agertu duelako interesa, eta egin beharreko lanak ia-ia amaituta, laster hasiko dira fakturetan murrizketak ikusten", adierazi zuen Etxebarriak. 

Herriko pilotalekuaren eta eskolaren teilatuetan jarri dituzte eguzki plakak; 143, guztira.