ARRAUN ANALISIA

Begiradak

Orioko arraunlariak larunbatean lortutako garaipena ospatzen. (Aitor Arrizabalaga / Eusko Label Liga)

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du zazpigarrena.

Asteburua Galiziara egindako bidaia azkarraren ondoren, uste baino lan gehiago ditut lerro hauek idazteko. Nondik hasi baina? Eskualdeko traineru batzuk liga amaitzear daude, besteak nahiko erabakita ezer askorik ez jokoan, play-offak buruan, azken esperantza eta ametsen kartutxoak eskuan, eta beste batzuk amaitzeko desiratzen.

Zoriondu ARC-2 ligako Orio B ontzia, liga matematikoki irabazi baitute asteburuan Pasaian jokatutako estropadan. Hauek ere historian lehen aldiz Orioren izenean Errenteriako bandera irabaztea lortu baitzuten.

ETE ligan banderarik ez asteburuan eskualdera, baina Zumaiako neskek beste behin ere Euskotren ligarako play-offak eskura dituzte, denboraldi hasieran jarritako begirari eutsiz. Geratzen diren hiru estropadetan beste banderaren bat irabazteko borrokan jarraituko dutelarik. Eta ezin ahaztu zarauztarren ontzia, hauek ere ate joka baitatoz liga aurrera doan heinean, nahiz eta play-off posturako puntuetatik urruti xamar egon.

Aste lanpetua izango dute ARC-1ean dauden Zarautz eta Zumaiako traineruek. Hiru estropadako astea izango dute ligari amaiera emateko: asteartean Castron, larunbatean Zarautzen eta igandean Bilbon.

Eusko Label ligan aldiz, badirudi Oriok mamuak uxatzea lortu duela eta lehiakor ikusi ahal izan ditugu asteburuan. Getariarrak aldiz, euskal kostaldeko itsasora itzultzeko desiratzen dira. Asteburuan Zarautzen ikusiko ditugu biak, denak etxetik gertu.

Zarauzko uretan amaituko da asteburuko bi jardunaldirekin Euskotren liga. Moañako uretan bandera irabazi eta igandean hirugarren postuarekin etorri dira Orioko neskak Galiziatik, ligako liderrarengandik nahi baino urrutiago. Hori bai, hauek begirada Zarauzko Ikurriñan dute jarrita, bosgarrena jarrian nahi dute.