2023ko udal eta foru hauteskundeak

EH Bilduk sekulako gorakada izan du Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 28a, 22:27

Garaipen garbia lortu du EH Bilduk Orion. Izan ere, 6 zinegotzi izatetik 10 zinegotzi izatera pasatu da. EAJk, berriz, 5 izan ditu orain arte, eta 3 zinegotzi izango ditu aurrerantzean. PSE-EEk, berriz, galdu egin du zuen zinegotzi bakarra.

Udal eta foru hauteskundeen eguna izan da gaur, eta goizean goiz hasita herritarrak hauteslekuetara hurbildu dira botoa ematera. Eguerdiko 14:00etan Orioko erroldaren ehuneko %40,85ek eman du botoa, 2019ean baino ia puntu bat gutxiago. Arratsaldeko 18:00etarako, berriz, %54,92koa zen parte hartzea, eta eguna bukatzerako, % 66,79ra igo da parte hartzea.

Herritarrek 20:00etara bitartean izan dute botoa emateko aukera eta ateak itxi dituztenean posta bidezko bozkak ontzietan sartu eta kontaketari ekin diote. Udal hauteskundeetakoak kontatzen hasi dira aurrena eta foru hauteskundeetakoak ondoren.

EH Bilduk lortu ditu boto gehien Orion, 1.957 botorekin. 2019eko datuekin alderatuz, nabarmen egin du gora. Izan ere, orduan, 1.257 boto lortu zituen.  EAJk 776 boto jaso ditu, azkenengo udal hauteskundeetan 1.151 boto izan zituen. PSE-EEk, ere jaitsiera eduki du. 189 eskuratu ditu oraingoan, 2019an, berriz, 312 batu zituen. Hori dela eta, 6 zinegotzi izatetik 10 zinegotzi izatera pasako da EH Bildu. EAJk 3 zinegotzi izango ditu, eta PSE-EEk galdu egin du zuen zinegotzi bakarra.

Honakoek osatuko dute udalbatza

EH Bilduko zerrendaburu Anuska Esnalek «eskerrak» eman dizkie herritarrei. «Ardura handiz baliatuko dugu oriotarren babesa, guztiontzat jarraituko dugu lanean, ahalik eta Orio onena egiten. Guztion artean eta guztiontzat maite dugun Orio egiten».