Amancay Gaztañaga: "Komikien fanatikoa naiz; zonbienak ditut gustukoenak"

Ane Olaizola 2013ko urr. 24a, 04:00

(Ane Olaizola/Hitza) Harri bitxiek bezala, alde asko ditu Amancay Gaztañagak (Guayaquil, Ecuador, 1980). Aktorea, Grises taldeko abeslaria, diseinatzailea, dantzaria... Arteari lotuta bizi da zestoarra. Dena den, badu beste zaletasun bat, askorentzat ezezaguna. «Komikien fanatikoa» naiz, aitortu dio UROLA KOSTAKO HITZA-ri. Dantzan, kantuan, esku lanak egiten, antzezten... aritzen zara. Zure ofizioaz galdetzen dizutenean, zer erantzuten diezu? Nire ofizio nagusia antzeztea dela esaten dut; horri eskaini diot bizitzaren zati handiena. Egun dantzaria ere banaizela esango nuke, orain Grises taldea parte garrantzitsua bada ere. Garai batean antzerkiak hartu zuen zatirik handiena. Madrilera joan nintzen bizitzera, eta han bide hori hartu nuen. Gero erabaki nuen Zestoara itzultzea. Madrilen egin nuen denbora gehiena biran igaro nuen; ez nuen denbora asko egiten hirian. 12 urte egin nituen han. Orain indar handiena Grisesen dut jarrita, egia da, baina horrek ez dit ematen bizitzeko lain. Nire ametsa hori izango litzateke, dena den. Dituzun zaletasunen artean zein da ezezagunena? Ezezagunena eskulanena izan daiteke. Dantza eta antzerki eskoletan ikasleek galdetzen zidaten nondik ateratze nuen soinean nuena. Asko nik egina zen. Izugarri lasaitzen nau josteak eta eskualanak egiteak. Betidanik izan dut gustuko. Askotan, ezkontzetara joan behar, eta nik egiten nituen osagarriak. Poltsa zalea naiz, baina gustatzen zaizkidanak oso garestiak dira, eta orduan pentsatu nuen onena neuk egiten ikastea izango zela. Halaxe hasi nintzen horretan. Nolako diseinuak egiten dituzu? Musikan bezala, vintage eta retro estiloak lantzea gustatzen zait. Egiten ditudan gauzetan hori plasmatzen dudala uste dut. Diseinatzen hasi nintzenean, estilo hori ez zegoen modan, eta asko kostatzen zitzaidan halako arropak, osagarriak edo bitxiak lortzea. Neu egiten hasi nintzen orduan. Material asko AEBetatik ekartzen dut, eta etxean egiten dut lan. Harri eta lore naturalekin jokatzea asko gustatzen zait. Batek baino gehiagok pentsa dezake horrenbeste gauzarekin ez duzula denbora librerik izango. Artean aritzen zarenean, bolada batean dena ematen duzu. Gero, ordea, bizimodua ahal dudan moduan aurrera ateratzeko jarduten naiz. Azkenean, ohitu egin naiz horretara. Batzuetan gutxi, baina badut denbora librea, eta beti saiatzen naiz ateratzen. Denbora librean irakurtzea eta zinemara joatea dut gustuko. Eta, batez ere, komikiak irakurtzen ditut. Komikien fanatikoa naiz. Oso jende gutxik daki hori. Nolako komikiak irakurtzen dituzu? Denetik irakurtzen dut. Super heroien istorioak asko gustatzen zaizkit, eta zonbienak ditut gustukoenak. Gore-a gustatzen zait. Etxeko pareta bat komikiekin estalita dut. Nolatan hasi zinen aktore lanetan? Umetatik al zenuen gustuko? Bai, betidanik gustatu izan zait. Hamabost bat urterekin, Zestoako gaztetxeak antolatu zuen ikastaro batean hasi nintzen. Bi urtez aritu nintzen han, eta orduan erabaki nuen zerbait nahi nuela egin. Irakasleak esan zidan Madrilen bazegoela orduan ireki zuten unibertsitate bat, eta hemengo ikasketak amaitu nituenean joan nintzen hara. Antzerkiaren ondoren sortu zaizkizun zaletasunak naturalki sortu al  dira? Ba al dute lotura aurrekoekin? Bai, batak bestearekin lotura izan du. Madrilen eszenografiari buruzko eskolak jaso nituen, eta han ikasi nuen askotariko materialak erabiltzen. Azkenean, antzerkian norberak bere arropak josten ikasten du. Beraz, antzerkiarekin lotuta nuen eskulanetarako zaletasuna. Beste zaletasunei dagokienez, sei urte nituenean biolina jotzen ikasten hasi nintzen. Beraz, musikaren munduan txikitatik hasi nintzen. Eñaut anaia (Grises taldeko abeslaria) eta biok betidanik jorratu dugu musika. Aktore eta musikari diren pertsona gero eta gehiago daude, eta hala egon beharko luke; bi diziplinak ondo egokitzen dira. Dantzari dagokionez, Zestoan euskal dantzetatik harago ez nuen ezer jorratu, baina Madrileko eskolan gorputz adierazpena  eta dantza garaikidea landu genituen. Beste dantza estilo batzuk hasi nintzen bilatzen, eta hor sortu zen ekialdeko dantzarekiko grina. Ikusi nuen hori zela nik ikasi nahi nuena, eta ez unibertsitatekoa. Antzerkian, zertan zabiltza orain? Soinujolearen semea antzezlanarekin gabiltza oraindik. Bartzelonara goaz astebeterako, eta gero ikusi egin beharko da. Antzezlan handia da, eta aktore askok hartzen dugu parte. Gaur egungo egoera dela eta, zaila da halako antzezlan batekin batera eta bestera ibiltzea. Zestoako Antzerki Eskolan ere oso murgilduta nago. Bi talde daude osatuta, eta bakoitzean hamabost pertsona ditut. Oso gustura nago, eta proiektu politak dituzte. Zestoarrak onak al dira antzezten? Bai, zestoarrok badugu artista grina barruan. Baina antzerki eskolan azpeitiar asko ere baditut. Inguru honetan gustatzen zaigu bai musika, eta baita antzerkia ere. Zestoan musikari pila bat dago. Eta Grisesekin, zertan zabiltzate? Topera gabiltza. Uda oso garrantzitsua izan dugu, eta uste dut jauzi bat eman dugula. Hilabete barru disko berria hasiko gara grabatzen, hirugarrena. Hurrengo urteko urtarrila amaierarako kaleratzea espero dugu. Nolakoa izango den aurreratuko al zenioke HITZAri? Aldaketa handia izango du. Abestiak konposatu ditugu, eta orain entseatu egingo ditugu behin eta berriro. Gero, Eñautek duen estudioan grabatuko dugu; han hartzen dute forma abestiek. Beraz, oraindik ezin dugu esan nolakoa den, forma hartu gabe duelako oraindik. Uste dut garai polita dela disko berria kaleratzeko. Pixkanaka ari gara geure tokia egiten, eta bide onean goazela iruditzen zait. Estatu mailan behintzat geure lekua egin dugu; Radio 3 emisorak asko lagundu digu horretan. Babestu egin gaitu, eta hori oso mesedegarria izan da guretzat. Zentzu horretan, taldearen bidea gero eta hobeto doala uste dut. Falta zaiguna da Euskal Herrian egitea lekua. Gure diskoetxea ere Madrilekoa da, eta horrek ere eragin du gehiago kanpora bideratzea gure lana; Espainiako musika jaialdi handietan egon gara aurten. Apostua zen jaialdi horietan sartzea, eta ari gara lortzen. Orain, Euskal Herria konkistatu behar dugu; Beasaingo Jazzpana Fest jaialdian izango gara larunbatean, eta horrek izugarrizko ilusioa eragiten digu; Euskal Herrian kontzertu gutxi ematen ditugu, eta pozez zoratzen egoten gara halakoetan. Ama, handitan artista izan nahi dut. Hori esaten al zenuen umetan? Banuen artista grina, baina denbora askoan albaitaria izan nahi nuela esan izan nuen. Asko gustatzen zaizkit animaliak. Gustatuko litzaidake mendian bizi eta bost zakur eta zortzi zaldi edukitzea.