Nahi ez: nahiago bai

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2016ko mai. 26a, 00:00

Mundu guztiak maite du independentzia; hau da: ez-dependentzia, mendean ez egotea edo azpiko ez izatea. Gorabeherak hasten dira zeren edo noren independentzia maite dugun galdetu ezkero. Ekainaren 5eko herri galdeketan argituko da hori Azpeitian, ustez...

Mundu guztiak maite du independentzia; hau da: ez-dependentzia, mendean ez egotea edo azpiko ez izatea. Gorabeherak hasten dira zeren edo noren independentzia maite dugun galdetu ezkero. Ekainaren 5eko herri galdeketan argituko da hori Azpeitian, ustez behintzat.

«Euskal estatu independente bateko herritar» izan nahi al duten galdetuko zaie azpeitiarrei. «Erdal estatua» badago, eta haren independentziaren altzoan ustez gozo bizi diren herritarrak ere bai: horiexek izan ohi dira independentistarik haundienak eta amorratuenak, beste estatu batek Espainia menderatzea inola ere onetsiko ez luketenak. Gero daude independentista txikiak, euskal estatutxoa sortu nahi dutenak. Denok gara independentistak hemen; denok nahi dugu estatu arrotz batekiko independentzia: batzuentzat Espainia da arrotza; besteentzat Espainia ez den oro da estatu arrotza; eta nere modukoentzat —hau ere bada ba!— estatua bera da gauza arrotza.

Galdeketa horretan neri berez ezezkoa ematea tokatzen zait. Galderari euskal hitza kenduko baliote, ezetz bozkatuko nuke dudarik gabe, zeren nik ez baitut izan nahi estatu bateko herritar, baizik-eta herritar huts. Orduan, estatu bateko herritar izan nahi ez badut, euskal estatu batekoa ere ez dut izan nahiko, logikoa denez, baina gertatzen dena da, logikatik praktikara jauzi eginez, euskal horrek gaur dagoen estatua hautsi egiten duela eta hori badela zeoze, edo xeoxe behintzat bai.

Estatuaren arazoa edo okerra da sinetsarazi nahi ligukeela goitik beherako gobernu edo antolamendu ona posible dela, baina horri erantzun behar zaio esanez goitik behea ez dela ikusi ere egiten, eta egiten dena dela ikuskatu, eta hor ezin egon liteke gobernu onik, baizik-eta ikusi-ezin ikuskatzaile antienpatiko hutsa, izatekotan ere. (Eta ez dago estaturaino joan beharrik: maila guztietako aginteak du berekin ikuskatze gor eta bihotz-gogor hori.)

Euskal estatuak orain dagoen estatua hautsiko luke gure bazter honetatik. Horixe du bere bertutea. Gainontzean, ez du hautsiko diruaren logikan, beldurrean eta aspermenean oinarritutako gure bizimodu edo gizarte hau. (Dena dela, ez da bidezkoa euskal estatuaren sorrerari eskatzea erdal estatuaren iraupenari sekula eskatzen ez zaion gauzarik.) «Bertako berezitasunetara» etorririk, munduko estatuen mapan, kirol selekzio ofizialen lehiaketetan edo Eurovisioneko banderen artean egoteak ez nau batere emoxionatzen; bestela esanda, esistitzeak ez nau gehiegi kezkatzen, ez behintzat bizitzeak bezainbat. Euskarari dagokionez (eta jakinik oso jende gutxiri inporta dion gauza dela) lehengo modutsuan geldituko dira gauzak euskal estatupean, nik uste: orain baino erdaldun gehiagok ikasi beharko dute euskara, baina orain baino euskaldun gehiagok utziko dute bazterrera, eta arrazoia da, batetik, horixe dela asuntoak daraman martxa, eta, bestetik, abertzale jator gehienek ez dutelako euskararik beharko mingainean, «nazioa» egina egongo denez gero.

Euskal estatuak independentzia ekarriko luke, baina estatuaren independentzia, ez jendearen edo herritarren independentzia. (Estatua ez da jendea edo herria; herri-jendea ez da estatua.) Euskal estatua orain dagoena baino txikiagoa eta ahulagoa izango da, eta nahita ere nekez izango da hura bezain txarra, bortitza eta aldrebesa. Horixe du bere bertutea. Ustela bai, ustela izango da: euskal estatua beste edozein estatu bezain ustela bihurtuko da, zeren botereak berezkoa baitu ustela eta lapurra izatea. Bai: denborarekin, gizaki botereduna ustela, lapurra eta psikopata bihurtzen da, lehenaz gainera. (Boteredunaren psikopatiaren ezaugarri nabarmenena da boterean ondo sentitzeko derrigor ikusi beharra daukala boteregabea bera baino askoz eskasago edo gaizkiago, eta ondo ikusten badu bera gaizki sentitzen dela. Hau eguneroko kontua da kalean, lantokian, eskola txarretan, familia onetan eta nonahi.)

Behin bakarrik bozkatu dut nere bizian. 1986an izan zen, eta NATOri ezetz esateko izan zen. Hogeitamar urte geroago, berriro bozkatuko dut eta oraingo honetan euskal estatuari baietz esango diot, ez hori nahi dudalako, baizik-eta, aukeran, nahiago dudalako. Euskal estatuaren sorrera eta erdal estatuaren iraupenaren artean, aurrenekoa hautatzen dut, gaitzerdi moduan: txarragoak ontzen du txarra.

Esplikazio hauek denak eman eta gero, lasaiago joango naiz ekainaren 5ean berez nahi ez dudan zerbaiten alde bozkatzera.