Gutuna: Getaria aurrera doa!

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 3a, 11:28

Azken asteotan Getariako EAJ-k prentsan egindako adierazpen larri eta arduragabeen aurrean, Getariao Udalak, lehenik eta behin, lasaitasun mezua zabaldu nahi die herritarrei. Izan ere, euskal eskubiak egindako adierazpenek, gezurrak tarteko, herritarren artean nahasmena sortzea eta Udal Gobernua kolpatzea beste helbururik ez dute.

Duela ia bi urte getariarrek Udal Gobernuan aldaketa nahi zutela erabaki zutenetik hona egin dugun lana bere fruituak ematen ari da:

 

Pixkanaka, aurreko legealditik herentziaz jasotako arazo eta lotu gabeko kontuei irtenbidea eman zaie (adibide gisa, aurreko legealdiko gestio txarragatik lotu gabe zeuden 200.000 €-ko partida berreskuratu da, Amenabar enpresarekin izandako negoziazio luzeei esker) eta etorkizuneko egitasmoak ere forma hartzen ari dira.

 

Bereziki Udaleko kudeaketa ekonomikoan hobekuntza nabariak eman dira 2011tik. Udala urte luzetarako (2026 arte) zorpetuta eta gehiegizko gastu egiturarekin jaso genuen, eta horrek asko baldintzatu du Udalaren jarduna. Hala ere, zorpetzeari muga jarri zaio, alferrikako gastuak murriztu dira, eta kudeaketaren jarraipen zorrotza egin da, herritar guztien diruaren erabilera zuzenago bat lortuz. Fiskalitatean, zergen progresibitatea areagotu da, eta hala, gehien dutenek, gehiago ordaintzen dute orain. Honi esker, Udalaren sarrerak handitzea erdietsi da. Udalaren egoera ekonomikoari buruz azalpen zehatzak eman zaizkie herritarrei, lehen aldiz.

 

Horri lotuta, lehen aldiz aurrekontu parte hartzaileak martxan jarri ditugu, hilero Udaleko berrien inguruko aurkezpenak egiten dira, arlo bakoitzeko mahai irekiak ere martxan daude… Herritarrek inoizko informazio eta parte hartzeko aukera handiena dutela esan daiteke.

 

Hirigintzan, Sahatsagako etxe berriak 2012 amaierako entregatzea lortu zen, etxejabeek Madrilgo erreformen eragin negatiborik jasan ez zezaten. Sahatsaga Kaleko urbanizazio lanak ere detaile handiz egin dira, hala nola, bi norabidetako errepidea eta aparkaleku berriak. Balentziaga kaleko garajeen proiektua erabat estankatuta jaso genuen, baina proiektuaren birformulazio berri bati esker, martxan jarri da eta urte bukaera alderako errealitate bihurtzea espero da. Garajeen gainean egingo den eraikuntzak ere getariarrentzat hainbat zerbitzu sozial izatea espero da, tartean anbulatorio berria. 2013an beste inbertsio garrantzitsuak hastea aurreikusten da, haurreskola berria eta Aldamar Parkearen berritzea, kasu.

 

Turismo arloan ere, kritikak kritika, eta gehiago egitea beti dagoen arren, orain arte ezagutu gabeko pausoak eman dira: lehen aldiz urte osoan irekita egon da Turismo Bulegoa, Getabat-ekin egindako hitzarmenari esker. Horrez gain, Turismo Bulegoan egindako egokitzapenengatik, lehen aldiz Getaria ITURBASK sarean sartu da. ELKANO 500 lanketa abian da ia urtebetetik. Eta 2013an ere lanketa handia egingo da, adituen laguntzaz, etorkizuneko turismoaren inguruan.

 

Birziklapenari ere inoizko bultzadarik handiena eman zaio, kontzientziazio lan handi bati esker, aurreko legegintzaldiko 250 ontzi marroietatik 500 ingurura igo da (herritarren ia erdiak dauka egun organikoa biltzeko ontzia). Lehen aldiz auzokonpostaren esperientzia martxan jarri da.

 

Adibide gehiago eman daitezke (UEMAn sartzea, Artzaperi emandako babesa, festa herrikoiak antolatzeko jai batzorde irekiak…), baina ez gara gehiago luzatuko.

 

Egoera ekonomikoa delikatua den arren, Getaria, herritarren ahaleginari esker, aurrera doa pausoz pauso, egunez egun, proiektuz proiektu. Denok dugu arduraz jokatzeko betebeharra, eta Udal Gobernuak ere, orain arte bezala ilusioz, konpromisoz eta gogoz lanean jarraituko du.

 

Azkenik, herritarren bozka onartzeko, interes partidistak alboratzeko eta Udal Gobernuaren aurka egiteko herriko entitate, elkarteak erabiltzeari uzteko deia luzatzen diogu PNV-ri. Siglak eta iraganeko liskarrak bigarren mailan utzi eta herriarentzat lan egiteko garaia da.

Getariako Udal Gobernua