Gutuna: Orioko Curriculuma hizpide

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 10a, 11:29

"Hezkuntzari buruz hitz egin da egun hauetan Orion. Hezkuntza jarri da balioan, historia, nortasuna, eta herria. Urteetan, Orion, gure ahotan izan dugu hezkuntza, baina ez da izan edukiei buruz hitz egiteko, bestelako terminotan hitz egin baitugu. Orioko errealitatea anitza da eta horrek egiten gaitu aberats. Aberats kulturan, aberats hizkuntzan, aberats gizarte ereduan, eta, nola ez, aberats hezkuntzan ere. Batzen eta desberdintzen gaituen elementu bat da curriculuma. Baionako, Iruñeako edo Donostiako gazteen heziketa prozesuak desberdinak da. Desberdinak forman eta desberdinak edukietan. Baina elkartzen dituen elementuak bilatu, eta bilduz gero, oinarri sendo bat eraikiko dugu: hezkuntza sistema nazional bat eraikiko dugu horrela. Nondik gatozen, non gauden eta nora goazen. Hiru galdera horiek erantzuteko asmoz, agintaldiko helburu gisa jarri genuen Orioko Curriculum proiektua aurrera eramatea. Luzea da prozesua, baina heziketan bezala, ibilbidea da garrantzitsuena. Prozesua bera da ikasteko eta elkar irakasteko tresna. Eta prozesu horren parte izan ziren 2010ean ospatutako O3ten lehen hezkuntza jardunaldiak eta bukatu berri diren 03ten bigarren hezkuntza jardunaldiak. Orioko Bildurentzat oso garrantzitsua da etorkizunerako tresna izango den Orioko Curriculuma eraikitzea. Errentagarritasun handia izango duen proiektu bat lantzea. Mantenu gastuei dagokienean,herritarren eta hezkuntza eragileen inplikazioa eta motibazioa izango direna, denen artean osatua:  lehenaldian oinarritu, egungo errealitatea irudikatu eta  etorkizuna marraztuko duen curriculuma. Orioko Curriculuma Sortzen taldeak jardunaldiak antolatzeaz gain, proiektuaren gidaritzapean hartzeko jarrera erakutsi du. Lana bistan jarri eta inolako atzera pausurik eman gabe, erabat motibatuta dagoen taldea da eta aprobetxatu beharra dago bultzada. Bilduk argi dauka proiektua lagundu behar dela ahalik eta baliabide gehien eskainiz, eta hau bideratzeko ahalegina egingo dugu.  Egungo egoera ekonomikoa ez da egokiena. Mahaiaren gainean daukagun proiektua, herrikoia, inklusiboa, parte-hartzailea, anitza, erabilgarria eta beharrezkoa da. Orioko Bilduk babes osoa emango dio bada Orioko Curriculum proiektuari". Ekiñe Saizar, Orioko Bilduren izenean. Orio.