Gutuna: "EAJren arduragabekeria" (Azpeitia)

Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 22a, 14:34

Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduk Azpeitiko EAJren jarrera politiko arduragabekoa kritikatu nahi du, aurrekontuen debatearen ildotik, eztabaida hutsean dauden proiektuak publiko egiteagatik. Ezin da ulertu gardentasun osoz jokatzen denean, ezer ezkutatu gabe, nola Azpeitian ardura instituzionalak izatea nahi duen alderdi batek Udal barnean lantzen ari diren proiektuak egunkarietan argitaratzea. Azpeitiarren ongizatea bilatzen duenari ardura suposatzen zaio eta etekin politiko merkerik ez bilatzea.

Zuen borondatea "akordioaren eta adostasunaren bidea lantzeko" dela diozue, baina aurrekontuak lantzen hasi garen batzordeetan proposamenak egin beharrean, prentsara egin duzue salto. Benetako borondatea bada, proposatu proiektuak eta adostu ditzagun batzordeetan.

Argi utzi nahiko genuke aurrekontuak, hasieratik eta publikoki hartutako egutegiaren arabera onartuko direla. Besteak beste, Denon Artean prozesuaren bidez herritarren parte-hartzea bermatzea nahi baitugu. Eta herriarentzat garrantzi berezia duten proiektuen inguruko ekarpenak jaso.

Zuen proposamenen eta adostasunerako zain gelditzen gara.... Hala ere, aurrekontuak izaten ari diren “atzerapena” aipatu duzue. Benetan? Zuen taldea Gobernuan izan den urte luzeetan noiz onartzen zenituzten ahaztu al duzue? Hemerotekak begiratu beharrik ez dago...

 

Azpeitiko EH Bildu