Gutuna: "Hau ez dugu guk erabaki"

Urola Kostako Hitza 2014ko api. 7a, 09:58

Olatz Izagirre (Azpeitia) Olatz Izagirre Sarasti naiz, 30 urteko emakumea eta hilabete gutxi dituen haur baten ama. Gaztetatik Euskal Herri libre eta jendarte justuago baten alde lan egin dut, gazteon eskubideak aldarrikatzen eta defendatzen: lana dela, etxebizitza eskubidea dela... azken batean gazteon eta herri honen etorkizuna defendatzen. Nire militantzia politikoagatik atxilotua eta urte eta erdiz espetxeratua izan naiz. Urrian hasi zen ni eta beste 39 gazteren aurkako epaiketa, otsaila hasieran amaitu da eta orain epaiaren zain nago. Espetxea, hauxe da ni eta nire familiaren etorkizun posiblea, 6 urteko espetxe zigorra eskatzen baitidate. Momentu honetan Madrilgo epaile batzuen esku dago gure etorkizuna, normaltasun osoz herrian libre bizi edo ni nire alabarekin espetxera joan bikoteagandik urrunduz, edota ni nire alaba eta bikoteagandik urrundu, erabaki zaila benetan! Espetxetik irten nintzenetik babes handia jaso dut Azpeitian, ni ez naiz bertakoa baina denbora bat da hemen bizi naizela eta bertakoa banintz bezala sentiarazi didate. Izugarria izan da epaiketa hasi denetik hona jaso dudan berotasuna, kaletik jendeak adierazi didan babesa, antolatu diren ekimen guztietan herritarren partaidetza, txapela kentzen dut zuen aurrean! Baina gaur mindua nago! Aste honetako [joan den asteko] udalbatzan LIBRE lan taldeak aurkeztu duen mozioa landu da, baina Azpeitiko EAJ eta Hamaikabatek parte ez hartzea erabaki zuten. EAJk erabili duen argudioa azken aldian landu diren mozio guztiak norabide bakarrekoak direla izan da, “repeak” direla. Zoritxarrez, hauxe da azken aldi luze honetan herri honek bizi duen errealitatea, oraindik norabide batek erasoak jasaten dituela. “Repeak”, pertsonak beharrean kromoak garela dirudi, guztiak errepikatuko bagina bezala, guk erabakiko bagenu bezala! Ez gara kromoak, pertsonak gara, eta bakoitzaren atzean famili bat dago, sufrimendua dago, sentimenduak daude! Arkaitz Bellon espetxeak hil zuen, Eneko presoen eskubideen alde lan egiteagatik atxilotu zuten eta ni independentzia eta gazteon eskubideak defendatzeagatik 6 urteko espetxe zigorra betetzeko arriskuan nago, eta hau ez dugu guk erabaki!