GUTUNA: Getariako Bilduk, aurrekontuen inguruan

Urola Kostako Hitza 2014ko api. 8a, 17:02

GUTUNA: Nikanor Lertxundi, Getariako Bilduren izenean. Getaria. Getariako EH Bilduk bere iritzia eman nahi die getariar guztiei, 2014ko aurrekontuen inguruan azken udalbatzarrean gertatutakoaren harira. Lehenik eta behin, gure harridura adierazi nahiko genuke, oposizioak egindako hautuarekiko. Izan ere, 2014rako aurrekontuen hasierako onespenaren aurka bozkatzean, herria aurrekonturik gabe geratu da momentuz, eta honek herritarrei ondorio negatiboak soilik ekar diezazkioke. Erabaki horrekin gehien kaltetua aterako dena Getaria bera dela uste dugu, hainbat egitasmo geratzeko arriskua baitago. Horrenbestez, arduraz hartu dugu gertaera hau, baina era berean herritar guztiei lasaitasun mezua igorri nahi diegu. Egoera erosoa ez izan arren, guk orain arte bezala lanean jarraituko dugu, honi buelta eman, akordioak lortu, eta aurrekontuak onartzea lortu arte. Getariak aurrekontua behar baitu. 2014a inbertsio garrantzitsuen urtea izatea aurreikusten dugu, kudeaketa ekonomiko zorrotz bati esker, pixkanaka udalaren egoera ekonomikoa hobetzen joan baita. Horrela, inbertsioetarako diru sail handiak jasotzen ziren gure proposamenean, hauetariko asko jada lotzear ditugunak: haurtzaindegi berria, Eguneko Zentro berria, osasun zentro berria, Aldamar parkea berritzen amaitzea, turismo arloko inbertsioak, Menditxoko obrakā€¦ Aurtengo aurrekontuen lanketa inoiz baino lehenago hasi zen, eta prozesu landua izan da: 2013ko urrian hasi genuen, Guztiok Bat izeneko aurrekontu parte-hartzaile prozesuaren bidez. Honen barne, azaroan 7an bilera irekiaegin ziren herritarrekin, eta etxe guztietara proposamenak jasotzeko fitxak banatu ziren abenduan. Guztira 142 proposamen jaso genituen getariarrengandik, eta horietako asko aurrekontuetan barneratuta zeuden. Jarraian, hainbat batzorde egin genituen gure aurrekontuen proposamena azaltzeko, eta beste taldeei euren proposamenak egiteko aukera emateko. Une oro, malgutasunez jokatu dugu, eta jarrera irekia azaldu, oposizioari euren proposamenak egiteko gonbita luzatuz. Hori ikusita, eta jada martxoan geundenez, aurrekontuen proposamena udalbatzarrera eramatea erabaki genuen. Izan ere, hainbat inbertsio aurrera eramateko uda aurretik martxan jartzea ezinbestekoa da, besteak beste haurtzaindegi berria edo Katrapona plazako egokitzapenak egiteko. Oposizioak, ordea, ez zituen aurrekontu horiek onartu. Guri, berriz, oposizioak erabilitako argudioak ez zaizkigula nahikoak iruditzen adierazi nahi dugu, aurrekontuek duten garrantzia ikusita. Honen aurrean, guk negoziatzen jarraituko dugu, akordioaren bila. Udal gobernuan egoteak eskatzen digun erantzukizunagatik eta herritarrekin dugun konpromisoagatik. Horrela, guztiok arduraz jokatu behar dugula iruditzen zaigu, herritarren beharretan pentsatuz, eta herriarentzat ona dena lehen mailan jarriz. Hori da gure borondatea, eta itxaropentsu gaude.