GUTUNA: Zarauzko Sortuk, Maiatzaren 1az

Zarauzko Hitza 2014ko api. 30a, 13:35

Maiatzaren leheneko atarietara langileriaren borrokak eman digun adibide berri batekin iritsi gara eskualdean, astearte honetako TS Fundiciones enpresako langileen ekintzarekin. Otsailean jakinarazi zieten enpresa likidatzera zihoazela, eta jada hilabete batzuz luzatu den beraien borroka goraipatzeaz gain, gure elkartasun guztia helerazi nahiko genieke. Langileen ordezkariek ondo zioten bezala, langileak beraiek dira enpresa ororen aktiborik garrantzitsuena, babestu ditzagun beraz! Langileok, baina, ez gara krisialdi ekonomiko honen ez sortzaile ez eta erantzule, bai aldiz ondorioak maila gordinenean pairatzen ditugunak. Egungo krisia, hartzen diren, hartu beharko liratekeen eta hartzen ez diren erabakien ondorio zuzena da. Troikak agindu eta Europatik zein Madrildik ezartzen diguten ereduak ez du herri honentzat balio. Gure ordua iritsi da, euskal ekonomia bidegurutzera iritsi da, erabaki beharrean gaude: Kapitalaren Europa, Madril eta Confebask zein Nafarroako patronalaren ereduari men egiten jarraitu, ala aurre egin eta alternatibak gauzatzen hasi. Alternatiba badago, baina alternatiba hori elkarrekin eraiki behar dugu, euskal bidean urratsak poliki baina sendo emanez. Alternatibaren bide horri ekiteko funtsezko bi oinarri behar ditugu: borondate politikoa izatea eta alternatiba babesten duen masa kritikoa piztea; eraldaketaren alde borrokatuko duen masa kritikoa. Gero eta herritar eta eragile gehiago alternatiba horren bidean urrats praktikoak ematen ari da eta, dagoeneko, zenbait urrats eman ditugu:  zerga politikaren erreforma, tokiko garapenean oinarritutako politikak, elikadura subirautzaren aldeko dinamikak... Herri honi alternatibarik eskaintzen ez dion bide bakarra orain arte jarraitutakoa da, eta alternatibarik ez dagoela sinetsarazi nahi digute. Baina Sortutik oso garbi dugu dagoen alternatiba bakarra soberanista dela, ezkertiarra dela eta egungo hegemonia ekonomikoaren interesen kontra doala. Hel diezaiogun aukera horri, euskal bidean urratsak emanez, maiatzaren 1ean eguerdiko 12:00etan Zarauzko Musika Plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartuz, haserrea kalera ateraz eta alternatibaren irudikapena burutuko duen eskaintza politikoaren laguntzaz presio sozial zein politikoaren uztarketan indarrak metatzera. Eta indarrak metatuko ditugu larunbat arratsaldean Bilbon Ernaik deitu duen manifestazioan ere. Gazteak dira sistema honen ankerkeria eta, bereziki, prekarietatea erarik zuzenean sufritzen dutenak. Baina beraiek dira euskal bidearen aldeko apustuaren barruan itotzen dituzten kate guztiak apurtu eta beraien bizitzen erabakiak beraiek hartu nahi dituztenak ere, eta bide horretan ere gure babes osoa izango dute. Troikaren ereduaren aurka eta sistema honen eraldaketaren zein burujabetzaren alde gaudenok, beraz, bi hitzordu ditugu. Haimar Arozena Eizagirre. Zarauzko Sortu alderdiaren izenean.