GUTUNA: Hondakinen bilketa Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 22a, 10:38

Gutuna. Antton Elorza. Azkoitia. Beste herri askotan bezala, Azkoitian ere zaborraren tratamenduak eztabaida sortu du. EH Bilduk lortu zuen alkatetza azken udal hauteskundeetan, eta bere helburuetako bat zaborra biltzeko atez ateko sistema ezartzea zen. Herritar batzuek plataforma bat sortu zuten sistema horren aurka hainbat ekintza bultzatzeko. Hasieran sinadura bilketa egin zuten eta 3.547 pertsonek eman zuten bere izena Atez atekoa EZ, 5. edukiontzia BAI idatzian. Zaborren bilketa sisteman soluzio egokiena bilatzeko asmoz, udaletxetik herritar eta elkarte guztiei irekitako lantalde bat antolatu zen. Hainbat bilera tekniko egin ziren aukera ezberdinak aztertzeko. Bukaeran, sistema berriak bete beharko lituzkeen helburuak finkatu ziren, eta hauek udalari helarazi. Helburu hauen artean % 80ko birziklatzea lortzea eta herritar guztiek parte hartzearen beharra jaso ziren, besteak beste. Helburu hauek udaletxean alderdi guztiek onartu zituzten, PSOEk izan ezik. Helburu horiek kontuan hartuta eta aipatutako plataformakoek jaso zuten babesa ikusita, erdibideko bidea hartu du udalak; edukiontzi gehienak mantendu, eta birziklatu ezin daitekeenarentzat, errefusarentzat, bakarrik erabiliz atez atekoaren sistema. Baina horrekin ere ez dira konforme plataformakoak; herritarrak mobilizatzen dituzte, zuzena ez den informazioa zabaltzen dute herrian, eta udalak hartu zuen erabakia atzera botatzeko mozioa eskatu dute orain. Zer esaten dute plataformakoek? 1.- 2011rako Azkoitiko Udalak hartuta zeukan erabakia. Nik esango nuke, hasieran udalak jarri nahi zuen sistema ez dela orain erabaki duena; oso ezberdina, hondakin guztiak sailkatuta jasotzeko atez ateko sistema baitzen hasierako planteamendua. 2.- Herritarrei kontsultatu gabe erabaki du udalak. Hori ere ez da zuzena. Hondakinen sistema egokiena aukeratzeko sortu zuen lantaldera batzeko herritar guztiei zabaldu zitzaien gonbidapena, baita beste alderdi eta elkarte guztiei ere, plataforma hori barne. Azken hauek, ordea, ez dute parte hartu nahi izan. 3.- Pozoituta zegoen lantalde hori. Nork pozoituta? Parte hartu zuten herritarrek eta alderdiek? Teknikariek? Zergatik ez zituzten beraien arrazoiak, datuak eta soluzioa azaldu eta eztabaidatu besteek aurkeztutakoarekin batera? Ba al dute arrazoi teknikorik? 4.- Inposaketa bat da sistema hau jartzea. Orain arte ezarri diren sistemak jendeari galdetuta jarri al dira? Erabaki diren neurri hauek hartu gabe, norbaitek pentsatzen al du herriko alderdi gehienek onartu zituzten helburuetara, hau da, % 80ko birziklatze tasara iritsi daitekeenik? Zertan egon dira orain arte 3.547 pertsona horiek 5. edukiontzia erabili gabe, horren aldekoak badira? Ala, ez dira? Guztiei zabaldutako lantaldean aztertutako sistema da, beste batzuen artean aukeratua eta onena ez bada ere emaitza onak eman ditzakeena. 5.- Sistema hau zikina da. Sistema honek proposatzen duen modura jokatzen badugu denok, non dago zikinkeria? Astean behin atera behar den zakarrontzian? Arratoiak (gaur ere badaudenak), zerk gehituko ditu? Zakarrontzi horietan ateratako organikoa ez den gaiak? Alderantziz, sistema honek ez al du garbitasun gehiago edukitzea lortuko? 6.- Kostua handiagoa izango da. Zintzilikariak jartzea eta bertatik ontziak jasotzeko beharko den pertsonalak kostu bat sortuko du, hori ezin da ukatu. Baina ez dugu ahaztu behar gehiago birziklatuko dela; eta honek ekarri ditzaken diru sarrerez gain (kostu totalak gutxituko dira), ingurumenarentzat ere hobe izango da. Hauek honela, zein da plataforma honen benetako helburua? Ingurumena hobetzea? Nire ustez ez, Azkoitian badaramazkigu urte batzuk bosgarren edukiontziaren aukerarekin eta oraindik zaborraren erdia ere ez da birziklatzen. Ez ote da izango helburu politikoak daudela atzean? Esaterako, udal gobernuan dagoen taldearen irudia erretzea datozen udal hauteskundeetara begira. Agian hori lortuko dute. Baina noren mesedetan? Herrian sortu den giroa ikusita, herritarrona ez behintzat! Birziklatzeak badu helburu bat: ingurumena zaintzea eta hobetzea berrerabili daitezkeen gaiak errekuperatuz. Horrek ez al du merezi guztiongandik esfortzu txiki bat? Gutxienez, saia gaitezen.