Gutuna: "Eragile guztien interesak babesteko ardura daukagu, eta merkatariak ere Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzeko ezinbestekoak dira"

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 3a, 14:30

IƱaki Portilla (Azpeitiko Udaleko zinegotzia) Plaza berritzea erabaki dugu, eta dagoeneko jakina den bezala, herritarren iritziaren arabera egingo dugu, herri-kontsulta bidez. Demokrazian eta herri partaidetzan gehiago sakontzeko aukera ezin hobea da, eta horrela egingo dugu. Baina jakitun gara herrian iritzi, behar eta interes ezberdinak daudela. Hain zuzen horrexegatik egingo da herri-galdeketa. Guztiak dira zilegi eta guztiak errespetagarri eta guztiok osatzen dugu Azpeitia. Are gehiago, gaiaren inguruan dauden interes ezberdinak uztartzea eta ezkontzea dagokigu guri, eta horretan ahaleginduko gara. Emaitzak emaitza, eragile guztien interesak babesteko ardura daukagu, eta merkatariekin ere hala egin nahi dugu, hain justu, merkatari horiek Alde Zaharra biziberritzeko ezinbestekoak direlako. Horregatik, herritarrek plaza oinezkotzea erabakitzen badute, kontsumoa bertara bideratzeko ahaleginak berretsiko ditugu. 1.Batetik, Soreasuko aparkalekuaren erabilera sustatuko dugu: Orain arte bezala, herritarrek 5 orduz dohain izango dute bertan aparkatzea, Alde Zaharrean erosketak egiten dituztenerako. Uste dugu, Soreasuko aukera hor izanda, metro gutxitara, Alde Zaharrera irisgarritasuna guztiz bermatuta geratzen dela. Eta edonork gerturatzea nahi badu erraztasuna besterik ez dauka. 2.Bestalde, plazan desagertuko liratekeen 75 aparkalekuak bertara bideratuko genituzke. Alde Zaharreko bizilagunek gaueko 20:00etatik goizeko 9:00etara dohain izango lukete bertan aparkatzea, eta horretarako txartel berezi bat izango lukete, Alde Zaharreko auto bakoitzeko txartel bat. 3.Alde Zaharreko zirkulazioari dagokionez, plaza oinezkotuko balitz, plazan ez litzateke autorik sartuko eta, beraz, plazatik beherako kaleen eta plazatik gorakoen trafiko-egoera zehaztu beharko litzateke. Honakoa da gure proposamena:
  • Plazatik beherako kaleak: goizez 8:00etatik 13:00era kaleak irekita egongo dira karga-deskargarako, Erdi kaletik, Enparan kaletik, Eliz kaletik eta Done Jakue kaletik autoak sartu ahalko dira. Done Jakue kaletik plazara ezingo da pasa, beraz asteburutan gertatzen den bezala sartu eta atera leku berdinetik egin beharko da. Done Jakue kalean autoek buelta emateko Iturri Txiki parean lekua prestatuko da, honetarako zabor ontziak lekuz aldatu beharko dira.
  • Arratsalde eta asteburutan bizilagunek Alde Zaharreko kaleetan autoa sartu ahal izateko txartel bat izango dute eta pibote sistema bidez sartu ahal izango dira. Txartel honek pibote sistemarentzat eta Soreasuko aparkalekuarentzat balioko du.
  • Plazako bizilagunek ere txartel bat izango dute, eta Goiko kaletik sartu ahalko dira (Artetxetik) pibote sistema baten bidez. Sarrera hau karga eta deskarga, elbarrituentzat... ere izango da.
  • Kaleetako abiadura ere egokitu beharko da (15km/h, hau beste herrietan galdetu beharko da).
Proposamen hau merkatariei aurkeztu diegu, eta eurekin elkarlanean ari gara zehaztasunak lotzen, guztiontzat irtenbide egokiena aurkitzeko. Izan ere, denon ardura da Alde Zaharra biziberritzea. Eta horretara deitu nahiko nituzke herritarrak: denda eta saltoki ugari ditugu gurean, kalitatezkoak eta onak, eta hori aprobetxatu egin beharko genuke, bertan erosiz. Kalitatea bermatzeaz gain, geure herria biziberritzea eta gure Aldez Zaharra indartzea ere ekarriko bailuke. Guztion artean egin behar dugu.