Kanada iparraldeko orkak

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 4a, 17:32

Ikasi ikusten, ikusiz ikasteko

Duela urte batzuk gertatu zen, Kanada gainaldean. Orka batzuk izotz azpiko itxitura batean harrapatuta geratu ziren. Egoera larria zen, orkek arnasa hartzea beharrezko baitute. Horren kontziente, izotz geruzan zulo txiki bat egin, eta denek batera arnasa hartzeko txikiegia zenez, txandaka zulotxotik arnasa hartzeko antolatu ziren. Guztiek lortu zuten bizirautea, hura ikusteko aukera izan zutenen harridurarako.

Gai izango al ginateke halako egoeran orkek bezala jokatzeko?

Piriniotan oroitu nintzen gertakariaz. 30 biztanle baino gutxiagoko herrixka batean, tximiniaren epelean, hango egunerokoa eta bizimodua nolakoak izango ote ziren hausnartzen ginela.

Hasteko, herrixken eta hiri erraldoien arteko alderaketa etorri zitzaigun burura. Jakina baita azken hamarkadetan ematen ari den batetik besterako migrazioa, eta honek eragindako herrien (eta bertako kultura, ohitura…) desagertzea.

Ildo beretik koka dezakegu enpresa txikien eta multinazionalen arteko konparaketa. Ingurura begiratu besterik ez dago betiko denda txikien itxierez jabetzeko, nagusiki mundu mailako kateen hedapen eta prezio (edo presio) politikek eraginda.

Gure arteko harreman eta komunikazioak izandako eraldaketa ere zentzu berdinean doa. Zuzeneko harreman pertsonala, teknologia berriek eskainitako zeharkako tresnek ordezkatua izaten ari da. Eta horren dimentsioaz eta ondorioez ez garela jabetzen dirudi.

Hala, metropoliak, multinazionalak eta komunikazio kanal inpertsonalak gero eta gehiago eta indartsuagoak diren bitartean, herrixkak, denda txikiak eta zuzeneko harremanak ataka oso zailean daude. Batzuk eboluzioa deitzen duten hau, sustraietatik aldentzen gaituen helmuga gabeko lasterketa dela esango nuke.

Izan ere, aipatu kasuak funtsean bi hauturen arteko talkan bildu genitzake. Batetik, egungo sistemak bultzatzen duen indibidualismoan eta erabateko lehian oinarritutako eredua legoke. Interes pertsonal soilak eta egoismoak gidatua. Non ondokoa gailendu beharreko aurkaria den, denak balio duen eta indartsuenak soilik biziraungo duen gudan. Sistemako teorikoen arabera, garapena eta aberastasuna erdiesteko bide apropos eta bakarra; errealitatean, gizarte hausturari eta gutxiengo baten pribilegio eta gehiegikeriei bide ematen diena.

Aurrez aurre, kolektibitatean eta elkartasunean oinarritutako gizarte eredua genuke. Taldearen interes komunak lehenesten dituena eta elkarlanean sustengatzen dena. Berdintasunean, errespetuan eta elkarrekiko konfiantzan finkatua. Non beharra duenari denen artean babesten zaion, eta ondokoa kide gisa ikusten den, arerio baino. Sistemak, behin eta berriz, utopiko-ezinezko bezala etiketatua, baina historiak zein etorkizunak bizirik mantentzen dutena.

Mendebaldeko gizarteetan, txikitatik barneratu (nahi izan) zaigu garapena lortzeko lehia ezinbesteko osagaia dela. Gizakiok sorreratik berezkoa dugulako besteak baino gehiago izateko behar naturala. Haatik, lehia bezain berezkoa (edo gehiago) izan dugu betidanik elkarlana eta izaera kolektiboa, hori ezkutatzeko, ezabatzeko ahaleginak ahalegin. Lehiak bere lekua izan behar du, noski, baina neurrian eta zerbait lortzeko bitarteko bezala ulertuta, inolaz ere ez xede nagusi gisa.

Gai izango al ginateke halako egoeran orkek bezala jokatzeko?

Sarri entzun izan dugu gizakiok garela animalia arrazional eta argienak, baina horrek ez du esan nahi beste animaliengandik eta naturagandik ikastekorik ez dugunik. Juxtu alderantziz baizik. Eta horretarako, naturatik urruntzeari utzi beharko genioke, eta begiratzen ez ezik, ikusten ere ikasi: arreta jarri, jarrera irekia izan…

Orkek emandako irakasgaia dugu horren adibide argi bat. Metafora zinez esanguratsua. Aurrera egitekotan, elkarrekin izan beharko duela erakusten diguna, elkarlanak duen garrantzia agerian uzten duena. Bakarrik, elkarren aurka, ez baikara ezer, ez baikara inora iritsiko.

Kanadako orkek ongi zekiten hori. Honezkero, guk ere barneratua beharko genuke.

Aitor Irigoien. Getaria