IRITZIA: Ignaziotar bidea Fiturren

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 6a, 11:47

Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramailea eta hauteskundeetarako hautagaia.

Artxiboko irudia. Bukatu berria da Madrilen Fitur, turismoaren feria, oso balantze positiboarekin, Euskadiren perspektiba turistikoei dagokienez; baita Azpeitiarentzat ere, gauzak ondo egiten baditugu. Ez zen falta Udalaren ordezkaritza ofiziala, argazki bat atera zuena Euskadiren stand-ean, Loiola-Manresa Ignaziotar bidea ireki nahi dela-eta. Izan ere, 2022. urtean beteko dira 500 urte Loiolako Ignazio santuak Montserratera ibilbide hori egin zuenetik. Ia hilabeteko bidea, bere bizitza erabat aldatu zuena, santuaren biografo adituek diotenez. Aukera ezin hobea da, eta ez dugu une hori pasatzen utzi behar, eta kemen osoz eta buru-belarri sartu behar dugu proiektu honetan, izaera erlijioso-espiritualarekin batera, kultura arloa, aisialdia eta kirola ere ezin hobeto bateratzen baititu. Bide horri ekiten dion bakoitzak jakingo du zerk bultzatzen duen bidea egitera. Hala ere, ibiltarientzat gutxieneko azpiegitura bat bermatzeak ekimen bateratu eta partekatu bat eskatzen du, bai bide hori igarotzen den udalerrietako erakunde publikoen aldetik, bai entitate pribatuen, hotel-azpiegituren, ostatuen eta erlijio-erakundeen aldetik ere. Argi baino argiago ikus dezakegu adibide honetan arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlan on batek proiektuaren arrakasta berma dezakeela. Azpeitiak, Udala buru dela, ekimen honen alde jarri behar du. Ondo baino hobeto dakit Jesusen Lagundiak bultzatuta jaio zela, eta Manresako Udala gogo osoz sartu dela. Azpeitiko Udalak ez bezala. Ez, behitzat, orain arte. Badirudi pasatzen ikusten duela, nahitaez egin beharreko protokolo-ikustaldiak eginez, gurekingandik aparte legokeen zerbait balitz bezala, baina hori ez da horrela. Ez du horrela izan behar. Eskuetan dugun balio turistiko eta kulturala indarrean jartzeko gure aukera da. Azpeitia erreferentea da jesuiten sortzailearen bizitzan. Ezin dugu utzi berriro errepika dadin gaur eguneko gobernu-taldeak erakutsi zuen interes falta Madalenako ospital eraberritua jendeak ikusteko aukera izan zezan –EAJ-PNVko zinegotziek eskatutako hitzarmenaren ondoren zuzendu zena–, eta ez dezatela esan instituzio pribatu baten ekimena dela, eta kito. Azpeitia-Loiola milaka ibiltariren abiapuntu bihur daiteke, milaka eta milaka baitira santu azpeitiarraren jarraitzaileek munduko bost kontinenteetan zabaldua duten hezkuntza-sare zabal eta ospetsuaren ukitua eta eragina dutenak. Badakite nor izan zen, eta badakite nongoa zen. Proiektu hori bultzatu eta horren alde lan egitea ere Azpeitiaren sustapen ekonomikoari laguntzea da.