Tristura edo lotsa?

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2015ko ots. 12a, 06:00

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'-ren 'Bostekoa' iritzi-artikulua.

Euskara edonoiz eta edonon erabili nahiko genukeenok izan ohi dugu tarteka halako etsipen-tristura bat, nik adierazi dezakedana baino hobeto bertsotan kantatu zuena, aspalditxo, gure Xalbador handiak: Jainko maitea nago noiz deituko nauzun/munduan zabaltzerat zerbait alaitasun;/ez dakit betidanik zergaitik naukazun/gutarteko berri txar guzien oihartzun. Euskararen kontuekin beti berri txarrak ematen ibili behar horrek ekartzen digun tristuraz edo etsimenduaz ari naiz, jakina, eta, barkatuko didazue, baina gaurkoan ere kanpai horiekin natorkizue. Duela egun batzuk Zarauzko Udalak bidalitako gutuna jaso genuen etxean, eta bertan Udala eta biok euskaraz kanpaina zen hizpide. Udalarekin genituen harremanak euskaraz izateko eskakizunaz ari zen, eta eskerrak bidaltzen zizkiguten guk halaxe eskatu genuelako. Horraino dena ondo. Ez dago beti kexuka ibili beharrik. Udala bera aurreratu zaigu euskararen aldeko gauzak egitera. Ondo egina. Tristura gero dator, zenbakiak begiratutakoan. «169 herritarrek sinatu zenuten idatzia». 169 herritarrek? 169 herritarrek bakarrik? Zarautzen ez dago beste inor udalarekin euskara soilean harremanak izan nahi dituenik? Beharbada ez dut nik ondo ulertu eta 169 horiek hasierako kanpaina bateko abangoardia besterik ez gara, eta oraintxe hasiko da jendea «nik ere halaxe nahi dut» esaten. Hala bada, hemendik bidaltzen dut nire deia (txoko honek izan dezakeen oihartzuna txikia izan arren) jendeak kontu har dezan kanpaina hau gauza serioa dela eta izena ematea beharrezkoa dela, eta gonbit egiten diet beste zenbait talde eta erakunderi, haiek ere bultza dezaten euskara hutseko harreman hori. Baina, beharbada, nik ondo ulertu dut, eta 169 besterik ez gara pausoa aurrera eman dugunak. 169 bakarrik 22.500 biztanle dituen herri «euskaldun» batean? Horrek ez du biderik ematen tristurarako. Horrek zuzenean lotsa dakar. Lotsa gogorra. Auzo-lotsa. Herri-lotsa. Badakigu hizkuntzen azken helburua elkar ulertzea eta komunikatzea dela, eta komunikatzeko han edo hemen gaztelaniaz, beste harekin ingelesez edo, beharbada, noizbehinka txinoz ere egin beharko dugula. Baina udalarekin euskaraz egiteko aukera eman eta ez diogu aukera horri helduko? Hor dago galdera. Zuzen-zuzenean idatzi honen izenburuarekin lotzen dudana: Tristura edo lotsa? Amaitzeko, esan nahi dizuet hauek ez direla agure euskaltzale pipertuaren purrustadak, eta nik baino hobeto egingo duenez, berriro ere, hasieran bezala, Xalbadorri emango diot hitza: Oh, entzule maitea, otoi, barkamendu,/ ez badut bozkarioz kantaldi hau ondu! /Jostetako gogoa dautate kendu,/ aunitz maite duenak aunitz sofritzen du./ Ene etsimendua ez beraz kondena, /ez ere irriz entzun ene dolamena, /ez delakotz arinki hartu behar dena/ ama hil hurran duen haurraren auhena!