GUTUNA: Elkarlan hitzen ondoren, jarrera baztertzailea

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 17a, 06:19

Alex Oliden. Zumaiako EH Bilduko zinegotzia

Badira ia bi hilabete udal hauteskundeak egin zirenetik. Hauteskundeak galdu egin genituen, gutxigatik baina galdu. 75 botoren aldea oso txikia baita. Tamalez, ematen du EAJk ez duela ondo ulertu zer esan nahi duen hain alde txikiak, nahiz eta bestelako zerbait eman zuen aditzera hauteskundeak irabazi berritan. Udal gobernu berria osatzeko udalbatzarrean bertan jakin genuen, esaterako, Oier Korta alkateak zenbateko soldata jarri dion bere buruari, eta zenbat zinegotzi izango dituzten liberatu bezala eta zein izango den beraien soldata. EAJk, nahiz eta legeak horretara behartu, ez zuen jakinarazi aurretik zein zen bere proposamena han eztabaidatu behar ziren gaien inguruan. Eta ez zaigu iruditzen jarrera hori egokiena denik, udalbatzarren aurretik ezinbestekoa delako jakitea zertaz ariko garen. Derrigorrezkoak diren eremuetan ez badago inolako komunikaziorik, esan beharrik ez dago elkarlanerako borondatea hutsaren hurrengoa dela, oraingoz behintzat. Ekainaren 13ko udal batzar horretan, erabaki zen udalak zein ordezkari izango dituen beste erakundeetan. Esaterako, Uueman, Udal Euskaldunen Mankomunitatean. EAJk bakarrik izango du ordezkaritza, berak hala erabaki duelako, eta jarrera hori oso mingarria iruditzen zaigu. Izan ere, gure ustez, beste gai askoren artean, euskarak lehentasuna beharko luke EAJ eta EH Bilduren arteko elkarlanerako guneak antolatzerakoan. Are mingarriagoa egiten zaigu erabaki hori, ikusirik zein izan zen gure jarrera duela lau urte, hauteskundeak irabazi berritan, orain EAJk irabazi dituenean baino alde handiagoarekin: Uemako ordezkari bat EAJkoa izatea proposatu genien, eta EAJk ordezkari bat izan du Ueman lau urte hauetan. Beste erakundeetako ordezkariak erabakitzerakoan ere irizpide berberarekin jokatu dute, baina Uemarekikoak bereziki mindu gaitu, etorkizunean errepikatuko den jarreraren adierazle garbia izan daitekeelakoan. Horregatik, gure ustez euskarak herritar guztion arteko kohesiorako gai zentrala izan behar lukeenez, Ueman udaleko alderdi guztien ordezkariak egotea proposatzen dugu: EAJko bi, EH Bilduko bat eta PSOEko bat. Hauteskundeak egin zirenetik, Zumaiako EH Bilduk elkarlanerako jarrera izan du EAJrekiko, uste dugulako biderik egokiena hori dela. Gainera, hauteskunde kanpainan, jarrera horren aldeko mezuak plazaratu ziren bi alderdietatik. Nahiz eta jakin bi eredu ezberdin direla, eta gai batzuetan ezberdin pentsatzen dugula, uste dugu badirela gai batzuk elkarlanean aritzekoak, eta eskua zabalik luzatu diegu bi hilabete hauetan. Ez dugu erantzunik jaso, eta ekainaren 13ko udalbatzarrean azaldutako jarrera lotuta badago erantzunik ez emate horrekin, EH Bilduk ordezkatzen dituen 2.077 zumaiarrekiko jarrera baztertzaileen agintaldia izango dela hasi behar al dugu pentsatzen? Agintaldiaren hasiera baino ez da, eta espero dezagun hasierako jarrera hauek beste bide batetik joatea hemendik aurrera. Hala izatea nahiko luke Zumaiako EH Bilduk. Eta hala izan dadin lan egiten jarraituko dugu. Alex Oliden. Zumaiako EH Bilduko zinegotzia.