EH Bildu udal taldearen gutuna: "Orioko Udala. Lehen erabakiak, lehen garestitzeak"

Urola Kostako Hitza 2015ko aza. 18a, 13:26

Hona hemen igoerak eta igoera nahiak. Alkate berria izendatu eta lau hilabetera, aurreko agintaldian lau urtetan igo zirena baino gehiago garestitu dira zenbait zerbitzu. Kotxearen zerga, bizileku dugun etxebizitzaren tasa eta hilobiratzea, batik bat. EAJ alderdiak igoera handiagoak proposatu ditu, baina bakarrik gelditu da Zalduaren alderdia, ez du igoera horiek gauzatzeko babesik lortu. Guk garbi daukagu. Tasak progresiboki igotzea proposatu dugu. Aurreko legealdian neurrian igo genituen. Oposizioan egon arren arduraz jokatu nahi dugu, oriotarrak izaten jarraitzen dugulako aginte makila Bilduren esku egon gabe ere. Ez dugu tasak izoztearen jarrera itsua defendatuko. Ezaguna zaigu kontu hori. Zertan ezberdintzen gara? EAJ alderdiak bizileku dugun etxebizitzaren tasa igotzea proposatu du. EH Bilduk aldiz zera proposatu du, gobernuan edo oposizioan egonik: bigarren etxebizitzari –hutsari- tasak igotzea. Gehien daukatenek gehiago ordainduta lortuko dugu justizia soziala. Zer egin du EAJk? Lau urtez izoztea eskatu oposiziotik, eta gobernuan sartuta lehen aukeran kolpera igo, izugarri gainera. Hara EAJ alderdiak 2013. urteko azaroaren 10ean esandakoa: “el PNV solicita al equipo de gobierno que congele los impuestos para que las familias oriotarras no sufran para llegar a fin de mes” o “¿acaso es un lujo morirse?” esan. Orduan aldaketa ez zen hainbestekoa izan. Gastuak igo dira. Udalaren egoera ekonomikoa ez da txarra. EAJren kudeaketaren ondorio ziren zorrak ordaindu ziren aurreko agintaldian, udal kanpina etekin iturri bihurtu ere bai… Baina azken hilabeteetan gastuak gora egin dute, batik bat, alkatearen eta zinegotzien soldatak igo direlako. Tasak igo behar dira lau hilabetetan gastuak igo direlako. Hara hor laburpena. Prozedurari dagokionez: Azken orduan eta presaka. Astebetean egin da dena: urriaren hemeretzian aurkeztu, 26an diktaminatu eta biharamunean plenora eraman. Hori bai, udaleko zerbitzuburuei eta teknikariei galdetu gabe egin dira proposamenak. Musika eskolarena adibide garbiena. Urriaren 26an jakin zen batzordean musika eskolako zuzendariak ez zuela %15eko igoera proposamenaren berri. Halere, azken unean, %8ko igoera diktaminatu zuten EAJ eta PSEE alderdiek. Plenoan, ordea, PSOE alderdiak musika eskolako tasak mahai gainean uztea proposatzen du. EAJk bere ordenantzen aldeko boto bakarra arriskuan ikustean mahai gainean uztea onartu zuen. Horrelakorik ez da inoiz ikusi. Inprobisazioa, azken unera arte.   Orioko EH Bildu udal taldearen izenean